Zabaldu dituzte ateak

Ateak irekitzerako ikasle mordoa egon da Landako Gunearen inguruan. Ikasleen eguna da gaurkoa. Barruan, igarri da krisiaren eragina. Iaz baino aurrekontu murritzagoa izan dute antolatzaileek, eta iaz baino stand gutxiago daude azokan: 15, guztira. Bideoa: azoka, goizean (Ander Garcia, BerriaTB). [Berriatb]http://www.berria.info/berriatb/1973/[/Berriatb]

Inigo Astiz
2013ko abenduaren 5a
07:32
Entzun

Estu joan dira prestaketak, baina zabal ireki nahi izan dituzte ateak Durangoko Azokan. Ikasleen eguna izango da lgaurkoa. Eta goizetik igarri da hori giroan. Ikasleak nagusi atarietan. Autobusetan heldu dira, eta zain izan dira Landako Gune kanpoaldean antolatzaileek ateak ireki arte. Ilaran eta taldeka haietariko gehienak. Ateak zabaltzean korrika sartu dira lehenak. Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakariak ongi etorri eman die bisitari guztiei, eta Durangora etortzeko deia egin du. Ikasleen egunaren berreskurapena izan da aurtengo nobedadeetariko bat. 22 ikastetxek hartu dute parte. Askoz gehiago ziren izena emandakoak. Sarrera hitzaldirik gabe, baina 18:30ean egingo dute irekiera ekitaldi ofiziala, eta Eskozia izango da herrialde gonbidatua. Ordura arte ere zabalik izango da, halere. Hemen ikusi daiteke programa osoa. Eta BERRIAk 12:00etan eskainiko du egunero azokari buruzko programa berezia Hamaika telebistarekin elkarlanean.

Izen aldaketarena, hirirako zabalkundearena, eta aurrekontu murrizketarena dira beste nobedadeak. Durangoko Disko eta Liburu Azoka zena, laburtu eta Durangoko Azoka bilakatu dute aurten. Hori batetik, eta bestetik, iaz baino diru gutxiago izan dute  dena prestatzeko. Iaz baino %10 gutxiago, zehazki. Gainera, murriztu egin da stand kopurua ere, eta igarri da hori Landako gunean. Ohi bezala lau ilaratan antolatu dituzte erakusmahai guztiak. Eta murrizketa dela eta, nabarmen dira laburragoak ilara horiek.

Igarri da antolatzaileen beste asmoa ere: hirirantz zabaldu nahi izan dute azoka, eta Ahotsenea eta Ikusenea guneak lekuz aldatu dituzte horretarako. Landako Gunearen alboan jarri beharrean, gunearen atzeko atean kokatu dute Ahotsenea, eta Durangoko zinemara eraman dute Irudienea. Azokaren eta hiriaren lotura eteten zuen trenidea lurpera eraman dute, eta horrek erraztu egin du batetik besterako joan etorria. Goizetik igarri da joan etorri handiagoa.

Egitarau aldaketak

130 ekitaldi baino gehiago izango dira, guztira, gaur hasi eta igandera arte. Liburu aurkezpenak, hitzaldiak, tailerrak, eta baita zueneko emanaldiak ere. Programa osoa ikusi daiteke, baina izan dira azken orduko aldaketa batzuk ere Ahotsenea gunean, adibidez, eta hemen kontsulta daitezke horiek.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.