Omenaldi egun honetan, Hamabostaldiak barne sentipenen zirrara erakutsi nahi izan du, Nikanor Zabaleta eta Viktoria Eugeniaren estreinaldiak ospatuz. Alabaina, bost hilabete daramatza antzokiak bere egitaraua eskaintzen; eta orain ospatzen dugu antzokiaren estreinaldia? Jaun-andreok, politikaren kutsatzeak edozein ergelkeria plazara dezake xurgatzailearen rola bete behar duen gizarte honetan, ospakizun zentzugabe hau kasu.
Eskerrak Nikanor handiaren omenaldia aparteko zentzuz antolatu duten, orain dela 25 urte bere Euskadiko Orkestra maitearen sorreran, Hamabostaldian, Viktoria Eugenian, egundoko kontzertua eratu baitzen. Omenaldi honetarako muin, lurrin eta usaingozoz beteriko egitaraua jorratu da, era anitzetako interpretazioak barne.
François Couperin musikagile frantziarra omendu beharrean, XVIII. mendeko frantziar musika orori eskainitako omenaldia burutzen du Ravelek bere Le tombeaude Couperin honetan. Musika honek duen gaurkotasuna azpimarratu nahi izan zuen egileak, eta, horretarako, sorburua pianorako pentsatua izan arren, orkestrazio bikaina eskaintzen du lau pieza txiki hauetan. Oboeak lan itzela du, denetan bakarlari dela, baina ez zen haren egunik txalotuena izan, eremu agudoetan komeria handiak izan baitzituen; halere, trinoz beteriko musika hau koloretsu aurkeztu zuen orkestrak.
Duela 27 urte, Nikanor Zabaleta berak estreinatu zuen Montsalvatgeren harparako kontzertua Espainiako Orkestra Nazionalarekin batera. Haren ikasle izandako Cambreling andereak Hamabostaldiko bigarren agerraldian, -Txillida Lekuko kontzertu eztitsua gogoan dugu-, efektu interesgarri asko azaldu zituen. Orkestrako haria hanka-motz, perkusioa ziurrago eta harpa-jotzaileak sokei zarrasta egiteko aukera ondo gozatu zuen.
Anatol Liadoven Kikimora musika maitagarriak giro epelean murgildu zituen ikusleak, bertan haize taldearen jarioak Stravinskiren maisulan Suzko Txoria ingiratuz. Zailtasuna badu, ez agian Udaberriaren Sagaratzea edota Petruchka adinakoa, baina balleteko musika honetan aldaera tinbrikoak dotore azaltzeak badu bere istilu xumea. Tronparen soloak pianoaren tremoloekin sinesgarriak izan ziren, txeloaren bakarkako esaldikapen traketsak estaliz.
Zuzendaria: Andrey Boreyko. Harpa jotzailea: Frederique Cambreling. Egitaraua: M. Ravelen Le tombeau de Couperin, X. Montsavatgeren Harparako kontzertua, A. Liadoven Kikimora Op. 63 eta I. Stravinskiren Suzko Txoria. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia. Eguna: Abuztuak 31.
Donostiako Musika Hamabostaldia
Zabaleta gomutara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu