Zaha Hadid irakiar jatorriko arkitekto britainiarra hil da, 65 urterekin, Miamin (AEBak). Bihotzekoak jota zendu da, Londresko bere estudioak, Zaha Hadid Architects-ek jakinarazi duenez. 2004an Pritzker saria jaso zuen, arkitekturaren Nobeltzat jotzen dena; lehen emakumezkoa izan zen aitortza hori jasotzen. Bere irudimena goraipatu zuen epaimahaiak.
Bagdaden 1950ean jaioa, Beiruteko Unibertsitatean matematikak ikasi zituen aurrena, eta Londresera jo zuen gero, Architectural Association-en arkitektura ikasketak egitera. Hainbat unibertsitatetan arkitektura katedratikoa izan zen, eta 1979an bere estudioa zabaldu zuenez geroztik, praktika, hezkuntza eta ikerketa uztartu izan zituen.
Dekonstruktibismoaren ordezkari nagusienetakoa, "paperezko arkitekto" gisa definitu izan zuten, bere obraren zati handi bat paperean, proiektu gisa geratu izan baitzen urte askoan. Nolanahi den, bere proiektuei esker, azkar hasi zen ospea irabazten. Weil am Rhein hiri alemaniarreko Suhiltzaileen Etxea egiteko proiektua izan zen bere lehen enkargu handietakoa. Beste asko etorriko ziren haren ondotik; urteekin gauzatu egin zituen batzuk, eta paperean geratu ziren beste hainbat. Berlingo Kurfurstendamm 70 bulego eraikinaren proiektua, Cardiffeko (Gales) Operarena, Cincinnatiko (AEB) Arte Garaikideko Museoa, BMW Zentroa Leipzigen (Alemania), Baku hiriburuko Heydar Aliyev zentroa Azerbaijanen, 2012an Londresko Olinpiar Jokoetarako diseinatu zuen ur pabilioia... Hainbat sari irabazi zituen horiengatik, tartean, Mies van de Rohe deritzona (Estrasburgoko tren geltokiagatik). Haren ondotik iritsiko zitzaion Pritzkerra; aitortza horrek "beste dimentsio batzuetan proiektu berriei ekiteko ausardia gehiago" emango ziola adierazi zuen orduan.
Euskal Herrian ere izan du islarik Hadiden lanak. Durangoko (Bizkaia) Eusko Trenen geltokia eta egoitza nagusia diseinatu zuen, baita Bilboko Zorrotzaurreko hirigintza plana ere. Azken horrek hainbat moldaketa jasan ditu urteotan, baina oinarrian Hadiden diseinuak egoten jarraitzen duela azaldu du Udalak, arkitektoaren heriotzaren berri izan ondotik.
Heriotzagatik samina agertu du Pritzker sariaren antolakuntzak, ohar baten bidez. "Aitzindaria izan zen arkitekturaren esparruan (...) Bere talentu, irudimen, konpromiso, leialtasun eta laguntasunagatik gogoratuko dute Hadid".