Eguneroko denboraren kudeaketak bezalaxe, bizitzaren denborarenak ere arduratzen du Arantxa Urretabizkaia (Hondarribia, Gipuzkoa, 1947). Egunerokoan beste lehentasun batzuk izan dituelako -dela kazetaritza lanbidea, dela maite duen jendea zaintzea, dela zaletasunen bat edo beste izatea- behar izan ditu ia zortzi urte 3 Mariak (Erein) nobela idazteko: «Literatura ez da ogibidea niretzako, eta tarteka-tarteka joan naiz idazten».
Eta bizitzaren denborarenak kezkatzen duelako idatzi du, hain zuzen ere, hiru emakume zaharren inguruko istorioa kontatzen duen nobela. Zahar hitza, bere horretan erabili du gainera nobelan, eta halaxe darabilte protagonistek beraiek ere. «Zaharrak dira, eta hitz hori erabiltzen dute beraien artean, leungarririk gabe, ez hirugarren adin eta ez ezer».
Eskolako lagunak ziren hiru Mariak. Oso lagunak. Elkarri egindako promesa bat egia bihurtzen hasiko dira eleberriko istorioan. Gerrak eta bizitzak elkarrengandik urrundu zituzten hiru lagunak. Txuri, Gorri eta Handi emakume zaharrak dira, baina ez horregatik bizitzeko ilusio gutxiago duten emakumeak. Etorkizunari begiratzen diote ilusioz beteta... Euskal Herriko kostaldeko herri batean kokatu du istorioa idazleak, izendatzen ez den herri batean, eta protagonistak, adinekoak izanik ere, ez ditu iraganera begira jarri: «Badirudi zahartzen garenean gaztaroari begira geratzea baino ez zaigula geratzen. Estatistikei begira jarriz gero, pertsona bati erretiroa hartu eta gero ia beste hogei urte geratzen zaizkio bizitzeko. Azken hogei urte horiek iraun urteak besterik ez dira. Nik ez nituen nahi jarri emakume horiek irauten bakarrik».
Arantxa Urretabizkaia 1947an jaiotakoa da. 60 urte pasatxo ditu, beraz. Liburuko protagonistak baina gazteagoa da, baina, hala ere, autobiografikotzat du istorioa. «Nire eleberririk autobiografikoena da. Emakume hauek zahartzaroaren aurrean duten jarrera delako niri gustatuko litzaidakeena izatea adin horretan. Ez da autobiografikoa hau bizi izan dudalako, baizik eta hau bizi nahi dudalako».
Berak zahartzaroa nola bizi nahi lukeen idatzi du liburuan, baina ez luke horregatik dogmatizatu nahi zahartzaroak nolakoa izan behar lukeen: «Gauza ebidentea da hau nobela bat dela. Ez da soziologia liburu bat. Ez diot zaharrak horrelakoak direnik, ezta horrelakoak izan behar luketenik ere. Ondo dakit ez naizela etorri mundu honetara lezioak ematera».
Egin duena, irakurlearen esku
Istorioaren sinesgarritasunean jartzen du Urretabizkaiak nobelaren gakoa: «Hau fikzioa da. Sinesgarria baldin bada, lortu dut nahi nuena. Sinesgarria ez bada gertatzen, kale egin dut. Egin nahi izan dudana badakit, egin dudana irakurleak esango du».
Liburuko hiru emakume protagonistak ez dira ghetto batean bizi, idazlearen hitzetan: «Gizartean txertaturik bizi dira, ez familia tradizional batean, baina gizartean txertaturik, eta protesta egiten dute gazteek haur bezala tratatzen dituztelako». Gaztetasunaren inguruan dagoen gehiegizko goresmenak ez du eroso sentiarazten Urretabizkaia: «Gure belaunaldiak asmatu zuen gaztaroa dela bizitzaren gailurra, eta orain guri dagokigu errebindikatzea zahar izan litekeela modu askotan. Amorrarazi egiten nau zer obsesio dugun garena baino itxura gazteagoa izateko. Bizitzan aldaketa garaiak dira zailak, eta zahartzarora iritsi ostean ez dago beste aldaketarik. Liberazio kutsu bat ere izan lezake zahartzeak hortaz».
Urretabizkaiak gauza bat dauka oso argi. «Nortasun agiriak ez du gobernatuko nire bizitza». Berak markatu nahi luke bere erritmoa, literatur esparruan markatu duen modu berean. Hamabi urte igaro dira Koaderno gorria aurreko eleberria argitaratu zuenetik. 3 Mariak idazten egon den zortzi urteetan atera izan dira zahartzaroa gaitzat izan duten beste liburu batzuk, eta ingurukoek adarra jotzen ziotela dio idazleak: «Doris Lessingek bi emakume zaharrei buruzkoa plazaratu zuen, eta Uxue Alberdiren Aulki jokoa-n ere emakume zaharrak dira protagonista. Beti atzetik ibiliko naizela esaten zidaten gertukoek. Baina azkenean oso istorio desberdinak dira».
Zaharra naiz, eta zer?
Arantxa Urretabizkaiak '3 Mariak' nobela kaleratu du, adineko hiru emakume protagonista izanik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu