Zuzendaria eta gidoigilea: Liu Hao. Aktoreak: Niu En Pu, Jiang Mei Hua. Herrialdea: Txina. Iraupena: 112minutu.
Gontzal Agote
Azken urteotan Txina ezagutzen ari den aldaketa sozioekonomiko erraldoia herrialde horretako zinemagile askoren gai nagusi bihurtzen ari da. Tamainako iraultzaren gainean mota askotako filmak ikusi izan ditugu, horrexegatik oso pozgarria da gaiari buruzko ikuspuntu diferente bat ekartzea.
Horixe egin du Liu Haok, arazo handiak bazterrean utzi eta testuinguru horretan girotutako istorio intimo eta samurra proposatu. Izan ere, protagonista guardia zaharreko kidea da, nekez ulertzen ditu bere herrialdean gertatzen ari diren gauzetako asko, hala ere, onartzen ditu.
Seme-alabekin duen harremanaren bitartez, garai berrietako kontu berri asko ezagutu beharko ditu, eta adinak utziko dion malgutasunez horiek barneratuko. Baina iraganari uko egin gabe, etengabe bere belaunaldiko lankide eta lagunengan bilatuko baitu babesa.
Tokiko egoerari estuki lotuta egoteagatik, Addicted to Love-k nonahi agertzen ahal diren kontu interesgarriak proposatuko ditu, horretarako diskurtso borobilik erabili behar izan gabe. Besteak beste, erretiroa hartu duen protagonistaren eguneroko gazi-gozoa eta seme-alabekin duen jokabide arduratsua oso modu sotilean daude filmatuta. Eta umore ukituek pelikulak duen karga dramatikoa arinduko dute, oreka eredugarria lortuz.
Horien guztien artean gai nagusia zahartzaroarena dela dirudi, adin jakin batetik aurrera horretan galtzen diren lagunena eta gorputzak zein gogoak nozitzen duten makalaldi fisikoarena. Alzheimerra hor da, hori ere oso modu delikatuan emana; haurtzaindegira egindako bisitaldi koloretsuek Beijingeko eguneroko grisarekin kontraste polita eginen dute.
'Addicted to Love'
Zahartzaroa garai berrietan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu