Pastoralak daukan arrakastaz ohartuak al daude politikariak? Ezen, gaur egun, lehen agerraldi batean behintzat 3.500-4.000 lagun inguru biltzen dituen ikuskizun leku batean ikusiak izateak onurarik balukeela pentsa dezakete batzuek. Larrainen joan den igandean eman zen Monzon pastoraleko 4.000 ikusleen artean ustekabean agertu zen Frantziako alderdi sozialistako burukide François Hollandek, beharbada, hori gogoan izan du. Presidentetzara sozialisten hautagaia izan nahi lukeenak, dena den, agerraldia burutik buru jarraitu zuen, aurretik Zuberoako ikastolek prestatutako bazkarian ere egon zelarik. Kargudun politikoetan ez zen bakarra, harekin etorri baitira Landetako senatari sozialista Jean-Louis Carrere, Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiko presidente Jo Labazee eta Jean Lassalle diputatu zentrista. Hollande eta Lassalle azaldu zirelarik, jendea oihuz eta txistuz hasi zen, baina jokaera hori guztiz ohikoa da pastoraletako ikuslerian. Une hori pasatu eta gero, egoera baretu egiten da eta ikusgarriak lehentasuna hartzen du.
Sakartea mendiaren pare-parean jarritako ikuskizun gunea jendez lepo beteta zegoen entradarako, hots, aktoreak oholtzara igotzeko martxako soinua hasi zelarik. Inguruko paraje zoragarriak hantxe zeuden, baina ez hainbeste agerian, gailurrak lainoz tapatuak zirelako. Trajeriak iraun zuen lau orduetan zehar langar egite batzuk ere gertatu ziren, oso laburrak baina. Tarteka ere eguzkia agur egitera etorri zen... bereziki pastoral bateko istorioan ondorioztatzeak plazaratzeko balio duen azken perediküan. Une hartan, Nadine Elgoien eta Martine Iriart «demokrazia dateke agian gure salbamena eta gazteriarentzat esperantxa hoberena» bertseta abesten ari zirelarik... eguzkia agertu zen, eta, hortik aitzina, iluntzea arte geratuko zen.
Jean Bordaxar Arrokiagako seme eta kantari ezagunak aukeratutako gaia guztiz politikoa izan arren, Monzon trajerian egon da egon beharrekoa, hots, herri antzerki bat. Hori gogoan argi edukita, pastorala da ikusliarrak sakonki bizitzen duen zerbait. Hala, 24 jelkaldietan zehar, jende oste handiaren ihardokitze biziak eragin dituen taula-joko eta bertset botatzerik izan da. Horietarik bat zen 17. jelkaldiko Burgosko auziaren aipamena. Franco diktadorearen eta Burgosko auzitegiko epaile buruaren agertzeak zalaparta handia sortu du. Halaber gertatu da 19. jelkaldian, Carrero Blancoren agerraldiarekin eta hark botatako ahoberokeriekin.
Haatik, batzuek horrelako zerbait gertatuko zenik beldur bazuten ere, Monzon ez da mitin politiko giro batera desbideratu. Ikusleen artean egon diren erreakzioak ikusgarri bizidun baten neurrian geratu dira. Esaterako, Telesforo Monzonek idatzitako kantu entzutetsuenen artean goren-gorenean geratu den Batasuna eman dutelarik aktoreek, irrintzinak aireratu dira jendeen artetik. Hala gertatu da Eusko gudariak abestu dutenean ere.
Zalaparta polita sortu du ere türk andereek 20. jelkaldian egin duten agerraldiak. Francoren heriotza deitoratzen zuten emakume frankista haiek «¡Arriba España!» ozen bat botata bukatu dute euren jelkaldia. Hori ez zen oihu-garrasi zaparrada eragin gabe geratzen ahal...
Hautu eztabaidagarri batzuk
Pastorala eraberritzen jakin izan duen ikusgarria da. Hala, ia urtetik urtera berrikuntzarik badago, taula-jokoan nahiz teknika aldetik. Esaterako, Barkoxeko 'Xahakoa' pastoralean lehendabizi baliatu zen kantari taldeen gainean mugiarazten den soinua hartzeko pertika erabili dute Larrainen. Horren agertzeak ustekabearen burrunba bat sortu du. Zurrumurru batzuk piztu dituzte, berriz, taula-jokorako egin diren hautu batzuek. Hala, aski bitxia izan da jelkaldi bat edo bestean hil egin diren kiristiak besapez oholtza atzealdera eraman izana, andarik baliatu gabe. Ezaraua ere, sujetaren hiltzerik jokoan ez gertatzea. Ezen trajeria batek, lege zaharrez, heroiaren hiltzea agertu dadin behartzen du. Jean-Pierra Rekalt errejentak eginiko hautu horiek bidezkoak ez direnik ez du inork esanen; bai, haatik, eztabaidagarriak.
Gauza askoeta asko aldatu daitezke pastoral baten moldaeran, baina inori ez lekioke burura etorriko ikusgarria amaitzean antxerarik ez egitea. Zuberoako herriak —dantza taldeak dituztenak behintzat— lehian jartzen dituen enkante arraro horien helburua da muñeñak eta aitzina pika dantzak oholtza gainean emateko ohoreaz jabetzea. Monzon-en agerraldia bukatu eta gero, Zuberoako zortzi herri dirua zoinek gehiago ematean aritu dira.
Arrokiagak ditu antxerak irabazi, 1.650 euro xahutu beharko baditu ere. Ohitura bihurtu da hurrengo urtean lekukoa hartuko duen herriak irabaztea pastoral baten lehen agerraldiko enkanteak. Hain zuzen, 2012an Arrokiagak agertuko du Jose Mendiaga argentinarraz... Jean Bordaxar herriko semeak idatzitako pastorala.
Zalaparta eta irrintzinen artean
Larraineko herriak igandean eman zuen 'Monzon' pastoralaren lehen agerraldiak arrakasta oso handia jaso du; aroa zalantzatsu eta fresko izan arren, 4.000 ikusle inguruk bizitu zuten trajeria, pertsona ospetsuek barne.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu