Literatura

Zaldua eta Peruarena, 111 Akademiaren Sariko finalistak

'Inon ez, inoiz ez' eta 'Su zelaiak' izan dira bigarren bozketa txandan boto gehien jaso duten lanak

Iban Zaldua eta Mikel Peruarena. ARGAZKI PRESS
Berria
2015eko martxoaren 26a
11:54
Entzun

111 Akademia 2014ko 111 Akademiaren Saria jasoko duen obra aukeratzeko lanetan murgilduta dago. Urtarrilaren 20an zabaldu zen lehenengo bozketa txanda, eta bertan 2014ko libururik gogokoenaren aldeko botoa emateko eskatu zitzaien akademiakideei. Akademiaren arautegiaren arabera, lehenengo txanda horretan obra batek jasotako botoen %30a bereganatu behar du 111 Akademiaren Saria jaso dezan. Ez zen, ordea, halakorik gertatu. Iñigo Aranbarriren Apirila, Iban Zalduaren Inon ez, inoiz ez eta Mikel Peruarenaren Su zelaiak izan ziren libururik bozkatuenak, boto kopuru berdinarekin, eta haien atzetik oso gertu geratu ziren Irati Goikoetxearen Andraizea eta Jose Luis Otamendiren Kapital publikoa. Hortaz, arautegiak dioena jarraituz, akademiako Batzorde Eragileak lehen saio horretan boto gehien jaso zuten bost obra horiek bigarren txandara pasatu zituen.

Martxoaren 8a baino lehen bost horietako baten aldeko botoa bidaltzeko eskatu zitzaien 195 akademiakideei. Bigarren txanda horretan jasotako botoen %40a bereganatu zuen obrarik izan balitz, huraxe izendatuko zuketeen 2014ko saridun; ez zen, ordea, kopuru horretara iritsi zen lanik egon. Hortaz, berriz ere arautegira jo, eta boto gehien jaso zuten bi liburuak finalera pasatu dira: Iban Zalduaren Inon ez, inoiz ez eta Mikel Peruarena Ansaren Su zelaiak

Ademiakideek apirilaren 12ra arteko epea izango dute bi horietako baten alde egiteko. Okerrik ezean, saria ezagutzera emateko ekitaldia maiatzaren 7an ospatuko dute, ostegunarekin, Andoaingo Bastero kulturgunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.