Musika

Zaleak, hamabosgarrenaren zain

26.000 zaletik gora erakarri ditu Mendizabalara 14. Azkena Rock jaialdiak. Blondie eta Wolfmother izan ziren larunbateko talde arrakastatsuenak. Bezperan ez bezala, ia ez zuen euririk egin.

2014ko ekainaren 23a
13:35
Entzun

Eman du eman beharrekoa 14. Azkena Rock jaialdiak. Ateak irekitzearekin batera euri tanta batzuk erori arren, gau osoa eutsi zion ateri larunbatean. Hala, bezperako giro goibelari buelta eman zioten Mendizabalan bildutako 11.000 zaleek, eta, bide batez, gozatua hartu zuten Blondie eta Wolfomotherren ikuskizunekin eta The Strypesen sorpresarekin.

Hamabostgarrenari begira, udalak eta antolatzaileek lorturiko akordioak lagungarri izan behar du Azkena Rock lehengo mailara itzultzeko. Azken bi urteetan erronkari eutsi arren, jaialdiak ahalmena du Gasteizera milaka zale erakartzeko eta, bide batez, bidean galdutako jarraitzaileak berreskuratzeko.

Dantzaldiko erregina

Otsailean Blondie Azkenako kartel buruetako bat izango zela aurreratu zenean erabaki hori kritikatu zutenetako bat baino gehiago harrituko zen Debbie Harryk erakutsitako sasoiaz. Zenbait abestitan ahotsa iristen ez zitzaion arren, kontuan eduki behar da abeslariak ia 70 urte dituela —69 beteko ditu uztailean—. Hain zuzen ere, taldea —Chris Stein eta Clem Burke sortzaileak barne— bere 40. urteurrena ospatzen ari da Blondie 4(0) Ever bira honekin. Ibilbide osoa errepasatu zuten kontzertuan, eta abesti berriek harrera hotzagoa izan arren, klasikoetan jende ugari jarri zuten dantzan estatubatuarrek, lehenbiziko One Way Or Another abestian bezala. Beastie Boysi eginiko keinuak ere dezente animatu zituen bertaratuak.

Konparazioak gorrotagarriak izan ohi dira, baina bata bestearen jarraian ikusi eta gero, zilegi da dudatan jartzea eguneko talde handia zein zen. Wolfmother australiarrek kontzertu ikaragarria eman zuten, soinuak asko lagundu ez zuen arren. 2006an ere egonak ziren Mendizabalan; oraingoan, berriz, New Crown lana aurkeztera etorri ziren. Andrew Stockdale frontman itzela da, eta lan bikaina egin zuen bildutako lagunak animatzeko. Hirukotea hustu egin zen agertokian, baina oraindik bazuten indarrik azken txanparako; Joke and The Thief ereserkiarekin gora etorri ziren taldekide zein zaleak, eta Stockdalek mikrofonoa eskutan abesten bukatu zuen, gitarrako soka bat hautsi ostean.

Bikoteak modan
Bezperako eurijasengatik animoz apal zeudenek aukera izan zuten egoera iraultzeko. Goiztiarrenek Niña Coyote eta Chico Tornado bikote gipuzkoarraren doinu stonerraz gozatu ahal izan zuten. Jarraian, Deap Valleyk —bikotea hori ere— ikuskizuna eskaini zuen karpan; arazo teknikoei aurre egin behar izan zieten. Orduekin, hodeiek lekua utzi zieten eguzki printzei, eta The Temperance Movement taularatu orduko, urteroko itxura zuen Mendizabalako guneak: jendea kontzertuez gozatzen, edota inguruko postuetan erosketak egiten.

Klasikoak ikusteko aukeraz gainera, banda berriak ezagutzeko erakusleiho ona da Azkena. Aurtengo sorpresa, dudarik gabe, The Strypes izan da. Laukote irlandarrak zur eta lur utzi zuen karpan bildutako jendetza, taula gainean erakutsitako lotsagabekeria eta mailarekin; ikusmira izugarria zen, eta 19:00ak jo orduko jendez lepo zegoen karpa txikia, azken boladan gaztetxo horien inguruan sorturiko zalaparta merezitakoa den egiaztatzeko. Jendearen txalo zaparrada ikusita, Azkenako publiko zorrotzaren oniritzia jaso zutela esan daiteke.

Iaz ez bezala, hirugarren agertokia egon da aurtengo Azkena Rocken. Ray Manzarek izena zuen, 2013ko maiatzean zendu zen The Doorseko teklatu jotzaile eta sortzaile izandakoaren omenez. Bertan, etxeko talde bat baino gehiago aritu zen; larunbatean, adibidez, The Soulbreaker Company eta Arenna gasteiztarrek kontzertua eskaini zuten. Lehenbizikoen ordu berean Violent Femmes aritu zen Lou Reed agertokian; dantzan jarri zituzten zale beteranoenak Kiss Off eta Blister In The Sun bezalako klasikoekin. Jarraian, Joe Bonamassak gitarra erakustaldia eskaini zuen, Azkenara eginiko bigarren bisitan. Blondie eta Wolfmotherren ostean, Royal Thunder eta Kadavar taldeak arduratu ziren jaialdia ixteaz; bigarrenen hard rock psikodelikoak harrera ona izan zuen. Beste urte batez, rocka gurtzeko santutegi bilakatu zen Mendizabala. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.