Zapaldu beharrean, ireki

'Edipotoa' argazki eta poesia liburua kaleratu du Nagore Legarretak, kamera estenopeikoa baliatuta

Nagore Legarretak Ordiziako asteazkeneko azoketan ateratako argazki bat. NAGORE LEGARRETA.
Igor Susaeta.
Hernani
2012ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Kamera estenopeiko bat da argazkigintzako oinarrizko teknika erabiltzen duen kamera. Botoirik ez dauka, eta, hortaz, ez zaio horri sakatu behar. Poto batekin eraiki daiteke. Zulo bat egin, hori desestali, eta utzi argiari potoaren barruan sartzen eta proiektatzen. Horietako bat bere kabuz egitea, eta gero erabiltzea, «sekulako aurkikuntza» izan da Nagore Legarreta (Hernani, 1981) argazkilariarentzat. «Txundituta geratu nintzen. Nire pasioa da». Bazituen argazki batzuk, eta horiekin Edipotoa (Banizu Nizuke) argazki-poesia liburua argitaratu du.

Potoekin argazkiak egiteko ez da behar ikusgailurik, ez eta botoirik. «Proiektore batekin paretan irudi bat proiektatzen den bezala proiektatzen da argia potoaren barruan», azaldu du Legarretak. Argi hori jasotzeko euskarria, berriz, paper fotografikoa da. «Horrela lortzen duzu irudia».

Legarretak bazuen kamera estenopeikoen berri. «Baina, azkenean, oso garrantzitsua da zuk gauzekin noiz, zein momentutan, bat egiten duzun». 2009an gertatu zen une hori. «Tailer bat egin genuen Hernaniko argazkilari elkartean, eta han ikusi nuen jendeak zer-nolako gauzak egiten zituen gauza horiekin». Gainera, kamera bere kabuz eraikitzearen ideiak, zein «irudiaren beraren estetikak» asko erakarri zuten. Aitarengana jo, eta harekin batera eraiki zuen kamera. Gogoko du Legarretak prozesua, «gauzak nola egingo ditudan pentsatzea», eta kamera bera sortzea, «akuilu moduan» oso garrantzitsua izan dela uste du.

Azken emaitzak ere erakartzen du. «Eskaintzen duen estetika, irudiaren ehundurak... Harrigarria da. Eguneroko edozein eszenari ehundura berezia ematen dio. Orain dela ez dakit zenbat urte ateratako argazkiak direla dirudi. Oso ondo geratzen dira». Eta zuri-beltzean: «Gustatzen zait zikintasun hori. Koloretako negatibo bat jarriz gero lor dezaket koloretako irudia, baina argi-ilunek, zuri-beltzek, asko betetzen naute». Izan ere, kamera analogikotik digitalera jauzi egindakoan «hustuta bezala» geratu zen. Estenopeikoarekin, ordea, iruditzen zaio baduela «lengoaia bat edo bitarteko bat» sorkuntza kontuak egiteko, proiektuak aurrera eramateko, «edo gauzak adierazteko».

Liburua bost ataletan banatuta dago. Azoka da aurrenekoa. «Oso sanoa iruditzen zait bakoitzak bere herrian erosketak egitea, edo, orokorrean, gauzak zuzenean erostea». Eta pentsatzen du estenopeikoak oso ondo egiten duela bat ideia horrekin. Gorka Setienek idatzi ditu atal horretako testuak. Hirugarren atala Hondartza da. «Potoak eguzkia behar du. Esposizio luzeak argazkia egiteko. Pentsatu nuen hondartza ingurune egokia izan zitekeela». Testuak Lainonenak dira.

Bigarren atalak Monumentuak dauka izena, eta laugarrenak, aldiz, Itsasertzak. Haizea Arregi Marti eta Juanbau Erauskin dira atal horietako testuen egileak. Legarretak uste du, hain zuzen, testuek «edukia» biribiltzen dutela; «zentzua» ematen diotela. Bosgarren eta azken atala 360 º da, eta Mikel Peruarenak ondu ditu testuak. Argazki horiek lantzeko, potoari zulo bakarra egin beharrean, lau egin zizkion Legarretak.

Eta orain lau zuloko kamerarekin dabil Legarreta lanean. «Proiektu bat garatzen ari naiz 1970eko hamarkadan eraiki zituzten etxebizitza blokeekin. Eskaintzen duten aukera espazioa hankaz gora jartzeko. Gauzak errepikatzen direnean desorientatu egin gaitezkeela transmititu nahi dut. Den-dena iguala izan arren, hankaz gora ikus dezakegu».

@Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: www.nlegarreta.zzl.org
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.