Astelehenean eta asteartean proiektatuko dute Zinemaldian Gaur irekiko ditu ateak dokumentala, Euskaldunon Egunkaria-ren sorrerari buruzko lana. Eriz Zapirain dokumentalaren egileak Zurriolako butaka-n esan du amets bat beteko dela Zinemaldian bere lan bat aurkeztearekin: "Donostiarra naiz, urte asko daramatzat Zinemaldian filmak ikusten, eta ohore handia da jaialdian dokumentalarekin egotea". Egileak azaldu du Egunkaria-ri buruzko dokumentala Koldo Izagirrek enkargatu ziola. Baietza eman, eta elkarrizketa ugari egin zituen kazetaren sorrera gertutik ezagutu zutenekin. "Une batzuetan irribarrerako tartea ere izango da, Luistxo Fernandezekin, esate baterako". Zapirainek uste du Egunkaria-ren inguruan gauza asko konta daitezkeela: "Egunkaria-ren itxieraren istorioa ere kontatu beharko da. Baita BERRIAren sorrerarena ere".
Koldo Almandoz zinemagilea izan da saioko bigarren protagonista. Sipo Phantasma haren lehen film luzea Zabaltegi-Tabakalera sailean lehiatuko da, eta gaur izango du lehen proiekzioa. "Rotterdamgo jaialdian eta beste toki batzuetan proiektatu dute filma, iritziak jaso ditut, eta horregatik nahiko lasai nago", adierazi du Almandozek. Puzzle edo collage moduko bat da filma. Film mutua, gainera. "Itsas bidaia batekin hasi zen kontua, baina ez genuen gidoi idatzi zehatz bat. Edizio gelan eraikitzen joan den pelikula da". F. W. Murnauren Nosferatu filma, Bram Stoker eta haren emazte Florence Balcombe dira protagonistetako batzuk. Almandozek beste lan bat ere aurkeztuko du Zinemaldian, Kalebegiak lan kolektiboko film labur bat. "Beste film laburrak ez ditut ikusi. Guztiak Belodromoan ikusteko gogo handia dut". Hilaren 21ean Belodromoan estreinatuko dute Kalebegiak, Donostia 2016 fundazioak sustatutako proiektua.
Maialen Goñi Zinea.eus atariko koordinatzailea ere Zurriolako butaka-n izan da. Programaren elkarlanera batu da ataria. "Zinemarekin lotura duen proiektua izanik, ez genuen bi aldiz pentsatu saioaren proposamena jaso genuenean". Atariaren hainbat bideo saioan ikusiko dira, eta atariak sare sozialetan eta webgunean programako edukiak zabalduko ditu. "Urrirako proiektu bat martxan jartzen ari gara, baina oraindik ezin dugu asko aurreratu", adierazi du Goñik.
Saioan hiru bideo erreportaje eskaini dituzte: Alfred Hitchcocken argazki erakusketaren ingurukoa, Jacques Beceker zinemagilearen atzera begirakoari buruzkoa eta Gaur irekiko ditu ateak dokumentalaren bideo kritika.