Zinema. Estreinaldiak. Fantasien gatibu

Zapuztutako mitoa

Beñat Eizagirre Indo.
2011ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Philip Glass musikari ospetsuak Bilboko Arriaga antzokian aurkeztuko du abenduaren 2an eta 3an Les enfants terribles izeneko opera. Hogei opera baino gehiago konposatu ditu dagoeneko, eta zineman ere askotan lan egin izan du; The Truman Show (Peter Weir, 1998) eta The Hours (Stephen Daldry, 2002) filmetako musikarengatik saritua izan da, besteak beste. Baina Glass mundu mailan ezagun bilakatu zuen filma Koyaanisqatsi (Godfrey Reggio, 1982) lan esperimental eta ikusgarria izan zen. Koyaanisqatsi terminoak suntsitzear dagoen bizimodua edota bizimodu neurrigabea esan nahi du hopi kulturaren hizkuntzan. Irudi ikusgarriak eskaintzen dituen maisulana da eta protagonista mundua bera da. Askok garapenaren gorazarrea egiten duela diote, baina filmean bertan hopi hizkuntzan abesten diren iragarpenek kontrakoa adierazten dute. Profezia batek honela dio: «Lurretik baliotsuena erauzten badugu, hondamendi bat eragingo dugu». Hortaz, Koyaanisqatsi-k ez du Berlin-Die Symphonie der Großstadt (Walter Ruttmann, 1927) pelikularen ideologiarekin bat egiten. Modernitatearen ikuspegi kontrajarriak erakusten dituzte. XIX. mende amaieran era guztietako berrikuntzak asmatu ziren gizarte modernoetan eta bazirudien garapena ekidinezina zela. 20ko hamarkadako Berlin oso hiri dinamikoa eta bizia zen, eta hori islatzen saiatu zen Ruttmann. Garai hartan baikortasuna nagusi zen eta ezinezkorik ez zela pentsatzen zen petrolioaren krisiak garapenaren mitoa zapuztu zuen arte. Aurrerakuntza eskuratu ezinezko ametsa zela argi geratu zen orduan. Reggiok modernitatearen aurkako film zoragarri eta paregabea zuzendu zuen, eta pertsonak automata moduan grabatu zituen. Fordismoa gizartearen esparru guztietara iritsi zela salatu nahi zuen. Gizabanakoaren eta Oscar Mayer saltxitxen artean ezberdintasunik batere ez zegoela frogatu nahi izan zuen. Kapitalismoak egiten duen gauza bakarra bizia heriotza bilakatzea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.