Zazpi aldiz elur ikuskizun hibridoa da, Bernardo Atxagaren testu bat abiapuntu hartuta musika, poesia eta antzerkia nahasten dituena. Mikel Laboa hil zela jakin ondoren idazleak idatzi zituen hitzek egituratzen dute guztia. Testua idazteko, Atxagak heriotzari eta elurrari atxikirik dauden hainbat lotura erabili zituen. Tanttakaren ikuskizunak zazpi atal ditu, eta bertan umorea, kemena eta txoriak agertzen dira, Laboaren abestietan maiz agertzen baitira. Mireia Gabilondok zuzendu du ikuskizuna; hark eta Iñaki Rikartek egiten dituzte aurkezle eta antzezle lanak, eta zuzenean aritzen dira Iñaki Salvador eta Angel Unzu musikariak eta Maria Berasarte kantaria.
Emanaldia urriaren 4an izango da, Altsasuko Iortia kultur gunean (20:00etan). Aldez aurretik erosita, sarrerak hamabi euro balio du (hamar BERRIAlagunetzat), eta emanaldiaren egunean bertan hamabost euro (hamahiru BERRIAlagunentzat). Sarrerak Iortia Kulturgunearen lehiatilan edo webgunean erosi ahal dira. Sakanako Mankomunitateak, Altsasuko Udalak eta BERRIAk antolatu dute, Euskararen firika kanpainaren barruan. Sakanako BERRIAlagunek antolatutako hirugarren kultur ekitaldia da: 2012an Ruper Ordorikaren kontzertua eskaini zuten, eta 2013an Garirena.