Donostiako 60. Zinemaldia

Zazpi gomendio, zazpi iritzi

2012ko irailaren 28a
00:00
Entzun

"BLANCANIEVES"

HARKAITZ CANO Idazlea

Filma hautatzeko arrazoia.

Film gutxi eta arriskutsuak egiten dituzten zuzendarien familia madarikatukoa izaki, interesa piztu zidan Bergerrek. Torremolinos 73 oso txukuna iruditu zitzaidan, baina urte mordoska igaro da geroztik. Trailerra ikusi ondotik, The Artist-ekin alderatu dute, izatez bere egitasmoa lehenagokoa den arren.

Aurreikuspenak bete ditu?

Esan dezagun «ia-ia baietz»... Ez erabat, baina zaila zen, langa oso goian zegoelako. Edurnezuriren ipuinari egiten dion berrikuspena nahikoa orijinala iruditu zait, eta beldur gehien nion zatia —ipuina zezenketen munduarekin lotuz egiten duen laborategiko jauzi mortala— aski ongi irten zaiolakoan nago. Europan eta AEBetan saltzen eta arrakasta izaten lagunduko du ziur aski toreatzailearen kontuak.

Nabarmentzeko zerbait.

Dramatik bezala komediatik izatea. Hasiera ilun eta malkotsuak oso ongi eboluzionatzen du fartsarantz eta Tod Browningen Freaks filmeko atmosferarantz. Autoironia puntua ere badu, ipotxetako batek «Edurnezuri deituko dizugu, ipuinekoari bezala» esaten duenean, adibidez. Aktoreak, bestalde, oso ongi daude, baita bigarren mailakoak ere. «Begien ordez itsasargiak dituzte» esan zuen zuzendariak aurkezpenean, eta ez zaio arrazoirik falta. Alfabeto osoa adierazten dute begiekin.

Akatsik topatzekotan...

Gorabeheraren bat erritmoan, bereziki hasieran apur bat kostatzen da proposatutako mekanismoan erabat sartzen. Erditik aurrera abaila hartzen du, eta azken herena bizia da oso.

Gogoan gordetako sekuentzia.

Edurnezuri lokartua horror show bateko karabanan lanerako baliatzen dutenekoa.

Nori gomendatuko zenioke?

Ia edozeinentzat da gomendagarria. Zinema mutuaren zale amorratuek film zaharrei egindako keinuekin gozatuko dute, baina urtean behin zinemara joaten den lagun hori ere zurekin haserretu gabe gonbidatzeko modukoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.