JONI UBEDA Musikaria
Filma hautatzeko arrazoia.
Lana eta musika tarteko, astelehen iluntzean zegoen eskaintzaren araberako aukeraketa egin nuen. Kamikaze samarra naiz horrelakoetan, baina maiz asmatu ohi dut. Hauxe da kasua.
Aurreikuspenak bete ditu?
Donostiako Zinemaldian, bestela ikusiko ez ditudan filmen alde egiten dut. Aurreikuspen handirik ez nuen egin, beraz. 23 urteko zuzendari batek ia aurrekonturik gabe egindako film bat izanda, gustura irten nintzen zinema aretotik.
Nabarmentzeko zerbait.
Hasieratik zuzendariak erritmo geldo eta goibel batean murgiltzen du ikuslea. Protagonistak eta elkarrizketa apurrak ildo horretatik doaz. Bizitza, heriotza, bakardadea, elkartasuna... tematika indartsuari heldu dio, ausardia handia erakutsiz. Adrian Saba filmaren zuzendaria hain gazte izanik horrelako filma egitea nabarmentzekoa da. Etorkizun oparoa duela esango nuke.
Akatsik topatzekotan...
Gaur egun filmetan ohiko den ehun minutuko iraupenari heldu nahi izan dio, baina, nire ustean, akatsa da hori. Baliabide eskasekin egina dagoenez, uste dut 15-20 minutu sobera dituela. Filma ez da ohikoa, eta minutu gutxiagorekin askoz indartsuago gera zitekeen.
Gogoan gordetako sekuentzia.
Lehena, hasierakoa. Gazte bat espaloian zigarreta erretzen agertzen da. Gaua da. Ibilgailu bat pasa da, geroxeago beste bat. Hirugarrenean, bere buruaz beste egiten du.
Nori gomendatuko zenioke film hau?
Oso estatikoa da, plano bakar eta sekuentzia luzeekin. Elkarrizketarik ia ez dago, eta erritmoa mantsoa dela esango dute askok. Nik, ordea, denbora erreala kontuan hartzen duten filmak gogoko ditut. Whisky filma (Juan Pablo Rebella eta Pablo Stoll, Uruguai, 2004) aipatzea ezinbestekoa da. Baita 4 luni, 3 saptamini si 2 zile ere (4 hilabete, 3 aste eta 2 egun; Cristian Mungiu, Errumania, 2007). Bi horiek gustura ikusi zituenari gomendatuko nioke.
Donostiako 60. Zinemaldia
Zazpi gomendio, zazpi iritzi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu