Zazpi gomendio, zazpi iritzi

2012ko irailaren 23a
00:00
Entzun
ANE MUÑOZ Zinemagilea

Filma hautatzeko arrazoia.

Bakearen aldeko apustua egiten duten emakume batzuen ahotsak ikus-entzunezko pieza batean bildu izanak badu ausardia, eta jakinguratsu joan nintzen, haiek entzun eta beraiei hitza eman dien Bertha Gaztelumendik zuzendari lanetan edukiari emandako egitura eta ikuspuntua ezagutzeko.

Aurreikuspenak bete ditu?

Konfiantza banuen ere, ezusteko handia hartu dut, onerako, izan ere, espero baino interesgarriagoa eta, dudarik gabe, hunkigarriagoa iruditu baitzait, zentzu guztietan.

Nabarmentzeko zerbait.

Mota askotako bortizkeria edota zapalketaren biktimak izandako emakume multzo oso anitz baten hitzak askatasun osoz eta modu eder bezain xume batean bildu izana funtsezkoa zaio ordubeteko lan garbi honi. Horietako bakoitzak bere esperientzia pertsonaletik abiatuta eskaintzen digun hausnarketa aberasgarria da oso, eta eskertzen zaie inolako biktimismorik gabe, zentzuz, indar, kemen eta, batik bat, baikortasun handiz mintzo izana. Irudi metaforikoek, hots eta musikak ere bete-betean laguntzen diote.

Gogoan gordetako sekuentzia.

Elkarrizketen kokapenetan, oro har, asmatu dute; Edurne Brouarden hitz azkarrak, portu zabal, hotz eta euritsu batean, kasurako. Mezu itxaropentsua igortzen duen amaierako eszena metaforiko ederrak dokumentala biribiltzen du, nire ustez.

Nori gomendatuko zenioke.

Zalantzarik gabe, hango edo hemengo edozein politikariren hitz zaparradetatik haratago entzuteko prest dauden bakezale guztiei gomendatuko nieke. Eta ez euskal herritarrei soilik, dokumental honen edukiaren izaera unibertsalari esker beste edozein herrialdetako bortizkeria mota askoren biktimen apustu bakezale bezala uler daiteke eta. Hain zuzen, guretzat gertukoak izanik ere, tximeleta multzo horrek beldurrik gabe eskaintzen dizkigun esaldi gehientsuenak berri eta aberatsak baitira guztiontzat. Etorkizun baketsu baten aldeko apustua, ikusi eta entzutekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.