Bertsolaritza

Zazpi lurraldeetara hedatuko da lehen aldiz Bertsolari Txapelketa Nagusia

43 bertsolari arituko dira kantuan txapelketako hamalau saioetan. Irailaren 23an egingo da lehen saioa, Baigorrin, eta abenduaren 17an jokatuko dute finala, BECen.

2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko irdi bat. LUIS JAUREGIALTZO/ ARGAZKI PRESS
Inigo Astiz
2017ko irailaren 12a
14:51
Entzun

Bertsoa jarri nahi dugu erdigunean”. Gaur aurkeztu dute Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia, Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan, baina antolakuntza lan horren guztiaren muinean zer dagoen argi dutela adierazi du Iñaki Murua Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakariak. Irailaren 23an hasiko da txapelketa, Baigorrin, eta abenduaren 17n jokatuko dute finala, Barakaldoko BEC erakustazokan. 43 bertsolarik parte hartuko dute, guztira; hemezortzi gai jartzaile ari dira lanean martxoaz geroztik, eta hogei epaile izango dira.

Hamalau saioen egutegi osoa ere zabaldu dute antolatzaileek, eta salgai izango dira gaurtik aurrera final laurdenetarako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian. Elkarteko bazkideek soilik izango dute oraingoz finalaurreko eta finaleko eta saio guztietarako bonua erosteko aukera, eta prezio murriztuak izango dituzte.

Bertsozale elkartearen webgunean ikus daitezke saio bakoitzeko parte hartzaileak.

Finaleko zortziak

Ohi bezala, fasez fase joango da estutuz galbahea. 36 bertsolarik hasiko dute txapelketa lehen fasean. Sei saio jokatuko dira lehen galbahe horretan guztira, eta automatikoki pasatuko dira finalaurrekoetara saio horietako bakoitzeko lehen sailkatuak. Sei bertsolari horiez gainera, saio horietan ateratako sailkapen orokorreko lehen hamabi onenak ere pasatuko dira, eta finalaurrekoetan arituko dira horiek ere. 2013ko Txapelketa Nagusiko finalistak ere fase horretan sartuko dira txapelketara, eta, guztira, 24 bertsolari izango dira, beraz, finalaurrekoetako lehen itzulian kantuan. Hemezortzi pasatuko dira fase horren bigarren itzulira hortik, eta bigarren itzuli horretako sailkapenaren arabera aterako dira finalean Amets Arzallus azken txapelketako txapeldunarekin kantatuko duten beste zazpi bertsolarien izenak.

2013an finalean izan zen Unai Iturriaga, baina aurten ez du izenik eman txapelketan. Haren ordezkorik ez da sartuko finalaurrekoetan, beraz. Gipuzkoako txapelketaren bidez txapelketarako sailkatuta zegoen Iñaki Gurrutxaga bertsolariak ere uko egin dio parte hartzeko aukerari, eta Felix Zubiak abestuko du haren ordez.

Lurralde osoa

Zazpi lurraldeetara helduko den lehen txapelketa ere izango da aurtengoa. “Ez da kasualitatea, eta ezta kontu sinbolikoa ere”, zehaztu du Jokin Castaños antolakuntza taldeko kideak. Euskal Herri osoan bertsolaritza sustatzeko egiten den lanaren fruitu da zabalpen hori, haren hitzetan. Lehenago ere pasatu izan da txapelketa lurralde guztietatik, baina sekula ez zen hori gertatu txapelketa bakarraren barruan. “Hori da bertsolaritza bizirik den seinale”, esan du Iñaki Murua Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakariak. “Bertsozaletasuna lurralde osora iristen den seinale”.

Txapelketa lan zabalagoaren punta dela nabarmendu dute antolatzaileek. Eta eguneroko lan isil hori eskertu dute. “Mugimendu bizi eta dinamiko horren ondorio eta parte da txapelketa nagusia”.

Txapelketako irudia eta doinua ere aurkeztu dituzte. Paxkal Irigoienek egin du musika, eta Lanku kultur zerbitzuek egin dute irudia. Zelai zabal bat eta hor aulki batera igota kantuan ari den emakume bat ikus daitezke bertan. Irudi soila. Izan ere, bertsoari protagonismorik ez kentzea izan da helburua, antolatzaileek azaldu dutenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.