«Demagun zure emaztea haurdun dagoela, eta berak zuri esan aurretik nik deitu egiten dizudala eta sorpresa zapuzten dizudala. Zer irudituko litzaizuke? Ados egongo zinateke?». Modu ironiko horrekin azaldu du Tom Waitsekbere disko berriaren inguruan Interneten zabaldutako zurrumurruek sortu dioten eragozpena. Atzo bere webgunean jarritako bideo baten bidez, aipatutako zurrumurruak baieztatu egin zituen kantari kaliforniarrak:urriaren 25ean Bad As Me izenburuko lan berria kaleratuko du, lehenengoa zazpi urteren ostean—aurrekoa, Real Gone,2004an argitaratu zuen—.
Baieztapenak ez du inor ustekabean harrapatu, joan den astean Amazon denda digitalak Waitsen single berria, diskoari izenburua ematen dion kantua, salgai jarriko zuela aurreratu baitzuen. Diskoak bi argitalpen izango ditu: arruntak hamahiru kantu jasoko ditu eta bereziak hamasei kantu eta berrogei orrialdeko liburuxka bat. Anti diskoetxeak azaldu duenez, disko horretan Waitsek bere aurreko musika «findu» egin du eta «bide berri bat markatu» du. Kantariaren emazte Kathleen Brennanek egin ditu berriz ere ekoizpen lanak, kantuen sorkuntzan parte hartzeaz gain, baina musikariei buruz ezer ez du aurreratu diskoetxeak, «talentu handiko musikari talde beteranoak» grabatu duela, besterik ez.
Bad As Me singlea dagoeneko entzun daiteke sareko beste hainbat webgunetan, eta gainerakoei buruz zera aurreratu du Antik: Chicago, diskoa irekitzen duen kantua, haize tresnekbultzatutako «lokomotor bat» da, eta azken kantua, New Year's Eve, tabernako abesti koral bat. Horrez gain, baladak daude (Last Leaf), zinemaren kutsua duten soinu paisaiak (Hell Broke Luce), Waitsek falseto leunez abesturiko kantuak (Talking at the Same Time), blues sutsukoak (Raised Right Men) eta gospel zikinekoak (Satisfied).
Diskoa aurkezteko balizko bira bati buruz ezer ez du adierazi Waitsek. Europara 2008an etorri zen azken aldiz, eta orduan Donostian jo zuen.
Zazpi urteren ostean, Tom Waitsek urrian kaleratuko du disko berria
'Bad As Me' izeneko lanak kantariaren musika «beste bide batean» jarri duela adierazi du diskoetxeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu