Zea Maysek «modu natural eta askeagoan» landu du 'Era', seigarrena duen diskoa

Bonberenearekin atera du, eta ez du dendetan salduko; aurkezpen kontzertuetan banatuko du, sarrerarekin batera

Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2010eko urriaren 15a
00:00
Entzun
Bestela egin du diskoa Zea Maysek. Musika beste era batera eginez, ulertuz eta biziz. «Modu naturalago eta askeagoan», esan du Aiora Renteria abeslariak. Aldea berehala igartzen da, aurreneko kanta baino lehen dagoen track-etik beretik hasita. Bederatzi minutu irauten duen inprobisazio bat da, Split 77 taldeko Aritz Aranburu eta Izkandar Rementeriarekin batera ondurikoa. Abesti ezkutua da, pista ez dago agerian. Lehen abestia jartzean, atzera egiteko botoiari sakatu behar zaio. Soilik orduan entzuten da.

Gainontzean, aurreko diskoa,Morphina (2007), baino «libreagoa» da lan berria, Era. «Morphina lehorra zen, ez zuen moldaketa askorik ez tresnetan ez ahotsean». Era bestelakoa da. «Desberdina orain artekoarekin. Teklatuak ere sartu ditugu, baita programazioak ere». Doctor Deseoko teklatu jotzaile Raul Lomas eta Split 77ko Aranburu eta Rementeria aritu dira zeregin horietan.

Abestiak konposatzeko modua ere bestelakoa izan da. «Orain arte abesti bat egin eta iruditzen bazitzaigun geldo samarra zela beste batekin hasten ginen. Zabalagoak gara orain musika entzuteko eta sortzeko orduan». Urteak ez dira debalde igarotzen, eta musikaren munduan daramatzaten hamahiru urteetan kaleratutako sei diskoek askatasuna konprenitzen eta baliatzeko giltza eman dietela azaldu dute Zea Mayseko musikariek. «Lehen lotsatu egiten ginen gauza batzuekin».

Abestien letrak Renteriak idatzi ditu, ohikoa denez. «Edozeinek bere egin ditzakeen sentimenduez mintzo dira».

Mungiatik Londresera

Beren kabuz ekoitzi dute Era diskoa, eta Tolosako (Gipuzkoa) Bonberenea Ekintzak zigilupean kaleratu dute. Jorge Lastra teknikariak grabatu ditu abesti guztiak, Mungiako (Bizkaia) Lamina estudioan, eta Tony Cousinsek masterizatu ditu, Londresko Metropolis Groupen.

Era ez da izango dendetan. Zazpi aurkezpen kontzertu egingo dituzte Ondarroako Kafe Antzokian (urriak 16), Gasteizko Gaztetxean (urriak 22), Ziburuko Gaztetxean (azaroak 5), Bilboko Kukutzan (azaroak 6), Tolosako Bonberenean (azaroak 13), Donostiako Dokan (azaroak 26) eta Durangoko Plateruenan (azaroak 27). Eta kontzertuetan banatuko dute diskoa, sarrerarekin batera, 10 euroren truke. Durangoko Azokan, halaber, Bonberenearen mahaian izango da salgai. Baina hortik aurrera Interneten bidez salduko duten ez dakite. «Erabakitzeko dago», esan du Renteriak.

Enpresa banatzaile batekin lan egitea erabat baztertu dute. Hartara, eskurik esku, irizpide merkantilistak ez beste interes batzuek bultzatuta zabalduko da diskoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.