Kultura

Zea Maysen kontzertuarekin hasiko da Donostia Kulturaren programazioa, ostiralean

Aurretik, asteazkenean, osasun langileei zuzendutako 0 gala bat egingo dute Viktoria Eugenia antzokian. Bertan parte hartuko dute Aitziber Garmendia eta Sara Cozar aktoreek, Igor Calonge dantzariak, Orfeoi Gazteak eta Kresala dantza taldeak

Zea Maysekin hasiko du bere programazioa Donostia Kulturak. IDOIA ZABALETA / FOKU
mikel lizarralde
2020ko ekainaren 8a
11:35
Entzun

Donostia Kulturak hilaren 12an, ostiralean, berrekingo dio bere programazioari, gaur Jon Insausti Kultura zinegotziak jakinarazi duenez, eta lehen data horretarako Zea Mays taldearen kontzertua programatu du Viktoria Eugenia antzokian. Joan den astean taldeak berak iragarri zuen 12an emango zuela kontzertu bat, baina non izango zen jakinarazi gabe. Kontzertua 20:00etan hasiko da.

Musika programazioak beste bi kontzertu ere bilduko ditu: McEnroe taldeak La distancia bere seigarren diskoa aurkeztuko du hilaren 21ean, Viktoria Eugenian, eta, astebete geroago, oholtza berean ariko da Lou Topet taldea, Joseba Irazokik lagunduta.

Antzerkiari dagokionez, Xentimorik Gabe taldeak Gu primer! antzezlana taularatuko du heldu diren larunbatean eta igandean. Egoitz Lasak eta Ramon Agirrek idatzitako lan horretako protagonistak Agirre bera, Nerea Gorriti eta Inazio Tolosa dira, eta Asier Sota, berriz, zuzendaria.

Hilaren 19an eta 20an, berriz, Pez Limbo taldeak Harri, Orri, Ar / El patio de mi casa antzezlana taularatuko du, lehenengo egunean euskaraz eta bigarrenean gaztelaniaz. Bilboko Arriagak, Gasteizko Principalek eta Donostiako Viktoria Eugeniak sustatutako Antzerkigintza Berriak egitasmoaren markoan hautatutako proiektua da, eta dFerian eman behar zuten, baina koronabirusaren krisiagatik azkenean eman gabe gelditu zen.

Azkenik, Palabras encadenadas antzezlana emango dute ekainaren 27an eta 28an, Antzoki Zaharrean. Jordi Galceranek idatzi du obra, Domingo Cruzek zuzendu, eta David Gutierrez eta Beatriz Rico ditu protagonista.

Zinemak ere lekua izango du Donostia Kulturaren programazioan. Hala, hilaren 17an Rainer Werner Fassbinderren Angst vor der Angst (1975) emango dute, euskarazko azpidatziekin, eta 20an, berriz, Bang Bang Zinema zikloko saioa izango da —iragarri gabe zer bi film emango dituzten—. 22tik 24ra bitartean, zinemaren eta giza eskubideen erakustaldi bat egingo dute Antzoki Zaharrean: 22an, Axel O'Millen Apaga la luz y veras emango dute; 23an, Ernest Lluch, libre y atrevido (Josep Morell eta Jordi Vilar); eta, 24an, azkenik, Lander Garrok zuzenduriko Bi urte, lau hilabete eta egun bat, intsumisioaren mugimenduari buruzko dokumentala. Hilaren 25ean, berriz, 32. Bideoaldia egingo dute Antzoki Zaharrean.

Insaustik jakinarazi du bi antzokiek % 50eko edukierarekin zabalduko dituztela ateak. Hala, Viktoria Eugenian 391 eserleku izango dira, eta Antzoki Zaharrean, berriz, 260.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.