Zeharkaldi erromantiko bat

Euskadiko Orkestrak denboraldi berria aurkeztu du, erromantizismo garaian ardaztua. Irailean abiatuko da, Schuberten sinfonia guztiekin; Schumman, Wagner eta Mahler ere entzun ahalko dira

Oriol Roch, Bingen Zupiria eta Robert Treviño, Euskadiko Orkestraren denboraldi berria aurkezten, atzo, orkestraren egoitzan, Donontian. GORKA RUBIO /FOKU.
itziar ugarte irizar
2020ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
«Zaila da ziurgabetasun giro batean zuria beltzaren gainean jartzea. Baina argi genuen: bat, ezin genuela egindako lana aurkeztu gabe gelditu; eta, bi, ezin genuela halakorik egin arduraz jokatu gabe, ez udazkenean behintzat». Oriol Roch Euskadiko Orkestrako zuzendari nagusiak ez du zalantza ezkutatu, ea egindako lan hori erakustera heldu ahalko diren, baina errime hitz egin du, berretsiz orkestrak hasieratik segitu duela lanean bere jardunari ahal bezala eusteko, eta nahikoa konfiantza sentitu dutela 2020-2021eko denboraldia aurkezteko. Atzo goizean egin zuten agerraldia, orkestraren Donostiako egoitzan, eta Rochen alboan izan ziren Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Robert Treviño Euskadiko Orkestraren zuzendari titularra.

Erromantizismotik ibilbide bat egitea da denboraldi berriaren proposamena. Schubertekin abiatuko da bidea, haren sinfonia guztiak interpretatuko dituen programa batekin. Baina Schummanek ere izango du protagonismoa, baita Wagnerrek ere. Hura izan zen Erromantizismoaren garaiarekin hautsi zuen konpositore nabarmenetako bat, eta, haren ondotik, Mahler eta Rachmaninoven pareko autoreengana iristea da orkestraren asmoa.

Erromantizismoa bi ideiei lotuta ikusten duela aipatu zuen Zupiriak, eta eskerrak eman zizkionTreviñori horiek ekartzeagatik: sentimenduak eta Europa. «Uste dut udazkena sentimenduetarako sasoi bat izango dela, bizi izan dugun denagatik, pertsona askok sufritu duten guztiagatik, eta bizitzea tokatuko zaigun antsietate guztiagatik. Eta uste dut, horrelako une batean, erreferentziatzat Europa izatea inportantea dela».

Treviñok, aldiz, «berriz elkartzearekin» lotu zituen orkestraren denboraldi berria eta hautatutako errepertorioa. «Itzultzeko unea izango da, eta, musikak dakarren esplorazioaren bidetik, ezberdin itzultzeko aukera dugu, irekiago izanez, enpatia gehiagorekin hartuz elkar, maitekiroago». Orkestra horretarako leku bat izatea nahi duela aipatu zuen zuzendariak, «emozioak agertzeko eta batera egoteko» espazio bat, hitzen beharrik gabe. «Denboraldi berriak gizartearen sendatze une hori landu nahi du, gure musikaren artearen bitartez».

Hamar programei eutsita

Etorkizun hurbilak zer ekarriko duen neurtu ezinik, hainbat agertoki lantzen aritu direla azaldu zuen Rochek. Hamar abonuko eskaintza mantentzea erabaki dute, hamar programa ezberdin, ohiko lekuetara eramango dituztenak: Bilbo, Gasteiz, Iruñea eta Donostiara. Lehen bi programek—Schubert eta Wagner— ezohiko egutegi eta ezaugarriak izango dituzte: edukiera erdia hartuko dute emanaldiek, entzuleen artean aulki huts bat gordez. Schubert-en kasuan, bi saio izango dira (18:00etan eta 20:15ean), eta Wagner-enean, aldiz, hiri bakoitzean kontzertu egun bat gehitzea pentsatu dute. Orkestra ere gisa bertsuan arituko da, musikarien artean bi metroko distantzia mantenduta, eta kopuru erdiarekin. Hala aritu da orkestra azken egunotan, publikorik gabe eta Miramongo (Donostia) egoitzan grabatzen ari diren zortzi kontzertuko ziklo txikian —ETB2 ari da horiek ematen—. Kide denei zer ikasia eman dien esperientzia bat izan dela adierazi zuen Treviñok: «Zorroztasun gehiagorekin entzutera ohitu behar izan dugu. Proaktiboagoak izaten, eta, peripeziak peripezia, ariketa ederra izan da orkestrarentzat, entzumena garatzeko eta oztopo teknikoak gainditzeko».

Enigmatikoa, Bruckner wagnertarra, Bizirik, Bidaiak, Gaua, Gazteak, Noragabeko adiskidea eta New York izango dira denboraldia osatuko duten programak. Urkiza, Xostakovitx, Bruckner, Berlioz, Rachmaninov, Bartok eta egile gehiagoren obrekin osatu dituzte, eta, hasiera batean, orkestra osoarekin interpretatzeko moduan egongo direla esan zuten orkestrako ordezkariek. Hala ez balitz, moldatzeko era egingo dutela aurreratu zuen Treviñok. «Musikaren munduak hori dauka; badago non aukeratua».

Emanaldietan parte hartuko duten zuzendari eta bakarlariei ere egin zieten azpimarra bai Rochek eta bai Treviñok. Lehenengoen artean, bost izen «handi»: Michel Tabachnik, Ruth Reinhardt, Gemma New, Hans Graf eta Anja Bihlmaier. Bakarlarien kasuan, berriz, Pablo Ferrandez (biolontxeloa), Behzod Abduraimov (pianoa), Birgit Kolar (biolina), Vadim Gluzman (biolina), Manuel Walser (baritonoa) eta Nikolai Luganski (pianoa) ariko dira.

Rochek esan zuen Euskadiko Orkestrak 7.000 abonatuko komunitate bat duela alboan, eta esker hitzak izan zituen haientzat, azken asteetan erakutsitako babesagatik. Abonatu berriei eta denboraldi berrirako sarreren salmentari dagokienez, azaldu zuen oraindik ezin dituztela ziurtatu. Laster espero dute horren berri ematea. Bitartean, eskaerak orkestraren webgunean eta telefonoz (943 01 32 32) jasoko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.