Nafarroako Bertsolari Txapelketa

Zehaztu da Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala

Julio Soto, Xabier Terreros, Eneko Lazkoz, Aimar Karrika, Ander Fuentes, Eneko Fernandez, Oskar Estanga eta Julen Zelaieta izango dira finalistak.

Nafarroako Bertsolari Txapelketaren  azken finalaurrekoa izan da Burlatakoa. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS
Beñat Zamalloa Akizu.
2015eko martxoaren 15a
20:22
Entzun

Gaur arratsaldean Burlatan jokatu den finalaurrekoan, azkenekoan, Eneko Lazkoz eta Oskar Estanga sailkatu dira martxoaren 28an Elizondon finala jokatzeko. Lazkozek irabazi du azken finalaurrekoa (338,5 puntu), eta Estanga izan da bigarrena (321,5 puntu). Saioa Alkaiza (316,5), Aritz Saragueta (305,5), Migel Mari Elosegi (302,5) eta Oier Lakuntza (294) sailkatu dira ondoren. Elkarrizketa izan da nagusi saioan, eta bertsoaldi osoak lortu dituzte zenbaitetan. Hamarreko txikikoan entzun dira ofizioetan bertsoaldi onenak, eta Lazkozena izan da kartzelako bakarkakorik onena.

Lehen ariketan, zortziko handian, Lazkoz eta Elosegi musika talde ezagun bateko kideak izan dira, egun berean Madrilen zuten kontzertua bertan behera geratu dela jakin berritan. Lazkozek asmatu du arrazoiketan; ez horrenbeste Elosegik. Cristina Cifuentesen pentsamenduan murgilduta hasi du bertsoaldia Lazkozek; “adierazpen askatasuna / ulertzeko ze modua!”, kantatu du lehen bertsoaren azken puntuan. Bigarren bertsoan, Soziedad Alkoholika taldekoa dela zehaztu du, gaiak iradoki bezala, eta honela bukatu du: “Ratas kantua kanta dezagun / entzun egingo dute seguru / eta belarriak itxi”. Euren mezuak zabal daitezen propaganda besterik ez dutela lortuko ondorioztatu du azkenerako.

Lehengusuak izan dira Estanga eta Saragueta, eta, haien aitek elkarri hitzik egin ez arren, eurak ezin hobeto moldatzen ziren. “Haien gauza da, baina ezin uka / pena ematen duela”, jarri dio lurra Estangak bertsoaldiari. Arrazoia dirua dela erantsi dio lehen bertsoan Saraguetak, eta hau bigarrenean Estangak: “Gure harremana beiratzen dute / eta fijatu al zea? / Nere ustez pozez ikusten dute / biok ongi moldatzea”. Norbere bideari erantsiz eta albokoari erantzunez osatu dute lehen egitekoa.

Ariketa berean, Osasunako bazkideak izan dira Alkaiza eta Lakuntza, eta azken berriek eragindako ezinegonarekin zeuden. “Talde honetan segituz gero / galduko dut osasuna”, bota du aurrenekoan Alkaizak. “Eta taldea utzia dute / ia gorri baino beltzago”, jarraitu du Lakuntzak hitzen jolasekin. Jokalariei txalo eta agintariei txistu egingo diela erantzun dio Lakuntzak Alkaizari, zeinak Anoetara joatea proposatu duen irtenbide gisa. Futbola aberatsen negozio dela eta, futbolari uko egingo diola adierazi du azkenean Alkaizak. Ideia politak ekarri dituzte Alkaizak eta Lakuntzak.

Ideia solteak, zortziko txikian

Zortziko txikian, Elosegi eta Estanga bikote izan dira. Elosegik, etxerakoan, Estanga lo aurkitu du, eta umea esna. Ez dute jakin gaiari bide argirik ateratzen. Ideia solte bereziak bildu dituzte: Elosegik bigarren bertsoan “guk ez dugula izaten / umeen bateria” bota duenekoa eta Estangak borobiltzerakoan “hirurok goxo-goxo / lo egin dezagun” proposatu duenekoa, adibidez. Ezohiko doinua hautatu dute, eta elkarrekin bi ahotsetara kantatuz une goxoa sortu dute bertsoaldia borobiltzeko.

Erretzeari uzteko apustua egina izango zuten Lazkozek eta Lakuntzak, eta Lakuntzak Lazkozen gelatik tabako usaina hartua zuen une horretan. Usaimenik ez duela argi bota dio bere aurrenekoan Lazkozek: “Tabako deitzen dio / intziensoari”. Lakuntzak ongi eutsi dio: “Zergatik intziensorik / ez zenuen jartzen?”. Bizitasuna galdu egin dute bertsoetan aurrera egin ahala, ordea, eta bertsoaldi nahasi samarra irten zaie azkenerako.

Saragueta sarean nabigatzen ari zela, Alkaiza bikotekideari oparitutako eskumuturrekoa aurkituko zuen E-bay atarian. “Dibortzioa ere izango da / gurea gaur on-line”, ekarri du lehenean Saraguetak. “Neska bilatzen ere / gustoa txarra”, bota dio bigarrenean. Bitxi dendara joan eta zer oparitu esango ziola jarraitu du Alkaizak. “E-bayen hartuko dut / mutiko berria”, bukatu du bertsoaldia. Saraguetak errazago ekarri ditu ideiak Alkaizak baino, baina piztu dituzte entzuleak hainbat unetan.

Sakonen, hamarreko txikian

“Bakoitzak bilatu behar / du bere ogia”, abestu du Estangak okinaren rolean, hamarreko txikiko lehen ofizioan. Okina izan da hura, eta haren okindegiko langile Lankuzak jakinarazia zion beste bat irekiko zuela. “Ea izan ahal garen / elkar osagarri”, izan du bigarren ideia nagusia Estangak. Lakuntzak irtenbide bat ekarri du, irtenbide “aparta”: “Zuk saldu bagetak ta / nik, berriz, txapata”. “Ta puskatu behar dut / berriro lepoa / langile bat topatzen / zure parekoa”, bukatu du Estangak, lausenguz.

Bigarren hamarreko txikikoan, semeak ikastolara joateko soineko arrosa janztea nahi duela eta, Lazkoz ados egongo zen, eta Saragueta burlen beldur. Asmatu dute bakoitzaren ikuspuntutik elkarrizketa sortzen eta gaian sakontzen. “Elkarrekin gainditu / behar dugu lotsa”, proposatu du lehenean Lazkozek. Gizartea prest ez dagoela erantzun dio Saraguetak. Semea hiru urtekoa dela argitu du bigarren bertsoan Lazkozek, eta “gaur joan aurretik zerbait / erakutsi digu” erantsi. Soinekoarekin joan dadila izan da Lazkozen ebazpena: “Bihar jantzi edo ez / erabakiko du”. Asmatu dute bakoitzaren ikuspuntutik elkarrizketa sortzen eta gaian sakontzen. Elosegik eta Alkaizak ere asmatu dute horretan, Elosegi adindunak logela alokairuan jarrita, Alkaiza pentsioduna joan zaionean.

Epaiketa, ongi

Askotariko emaitzak izan dira kartzelan, gai bertsuaren bueltan. “Gaur izan duzu epaiketa. Ongi atera da”, izan dute kartzelan bakarkako gaia. Lakunza izan da aurrenekoa kartzelan. Ez da haren ariketarik onena izan. Ideia garatzerakoan lauso samar jardun da. Segiko militantea izan da Lazkoz, doinu berriz kantatutako bi bertsoetan. “Ez da tokatzen berriro / kartzelara joatea”, aurkeztu du ebazpena betelan txukuneko lehen bertsoan, eta hau izan da bertsoaldiaren bukaera: “Epaia eman digute / ta subidoia itzela / baina ezin erraz ahaztu / hain gogorra, hain krudela! / Azken urteotan bizi / izandu dugun kartzela”.

Bakarkakoaren aurretik kantatutako lehen puntua emandako bi bertsoak dotore osatu ditu Elosegik. Zortziko handiko gaiari berriz helduta, Soziedad Alkoholika taldeko kidea balitz bezala kantatu du. Azkenean, Madrilen kontzertua eman eta horregatik epaituko zituzten. Azken ariketa freskoa egin du. Estanga ez da oso txukun ibili lehen puntua emandakoetan. Txukunagoa irten zaio bakarkakoa. Gaztetxeko kidearen ahotik egin du. Guardia Zibilen kuartelaren aurrean gantzontzilotan bukatu du lehen bertsoa, eta honela bigarrena: “30 euro multa / ta nahi zuten 20.000 / ba guk hola seittuko deu / ez gara herri umila / haien tranpak saltatzeko / zirrikitu gehion bila”.

Saragueta eta Alkaiza izan dira azkenak kartzelan. “Jipoitu nauen pertsona / kartzelan sartuko nuke”, azaldu du Saraguetak. Gaia kokatu duen lehen bertsoa hobea egin du bigarrena baino. Alkaiza, berriz, Iraitz Salegi kazetariaren azalean aritu da. “Euskal Herrian ez da samurra / kazetaria izatea”, kantatu du lehenean. “Lanean tinko segituko dut / nere poz eta nere pena / informatzea baita herriak / daukan armarik onena”, bukatu du saioko azken bertso puntuagarria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.