Esanahi metaketa bat da; zeinuak zeinuen gainean. «Irudikapenen kiribil moduko bat», azaldu du Pello Irazuk (Andoain, Gipuzkoa, 1963). Haren azken lanez ari da artista, Iruñeko Moises Perez de Albeniz galerian ireki duen erakusketaz. Irudi geometrikoak eta kolore lauak dira nagusi, baina geruzaz geruza osatutako bilduma bat da Irazurena. Bata bestearen gainean pilatuz doaz diziplina artistikoak ere; argazkigintza, pintura eta eskultura.
Adibide bat: aulki bat eta kartoizko kutxak erabiliz osaturiko eskultura proiektu bat da oinarria. Hari egindako argazkia da, ordea, galerian dagoena, eta pintura interbentzio bat egin du Irazuk haren gainean. Esanahi eta hizkuntza metaketa lan bat da pieza hori, eta hori da erakusketa osoaren konstantea ere.
80ko hamarkadan minimalismoaren inguruan hasi zen lanean, eta ildo haren oihartzunak ageri ditu ondorengo lanetan. Baita azken honetan ere. Espazioari buruz duen kezka da horren froga. Galeria ez da edukiontzi hutsa Irazurentzat, eta, horregatik, leku jakin horretarako egin du erakusketa. Gunea da pilaketa lanaren lehen geruza. «Arkitekturaren gainean egindako arkitektura esku-hartze bat da, berez, gune hau. Garai batean garaje bat zen, eta haren gainean eraiki zuten galeria. Aberastu egiten du horrek gunea. Ez da kutxa zuri bat, ezta garaje soil bat ere, gune hibrido bat baizik. Nire esku hartzea aurrez esku hartutako arkitekturarekin batzea izan dut xede».
Bitan banatu du espazioa horretarako, galeriaren horma mugikorra baliatuz. Areto bakarrean bi areto txiki irregular sortu ditu, eta bere lanak txertatu ditu gero. Hori da bigarren geruza. Baina harago doa metaketa jokoa. Galeriako hormak zeharkatzen dituzten koloretako marren gainean doaz piezak hormetan. Eta gurutzatu ere egiten dituzte marra horiek margolan, argazki eta eskulturak. Lotu, nolabait ere, ziri bat balira bezala. Biderkatu egiten da orduan hizkuntza eta zeinuen pilaketa.
Ideia auto-obsesiboak
Esanahi eta hizkuntza metaketa horri egiten dio keinu erakusketaren izenak ere, Irazuren hitzetan: (1x1)x1. «Artista bakoitzak behin eta berriz ideia berbera lantzen duen ustea osoa zabaldua dago. Nik ez dut horretan sinesten, baina egia da badirela auto-obsesiboak izaten diren ideiak. Material asko eta pieza asko sortzen dituzten ideiak. Lan asko eta asko ideia bakar horren inguruan biltzen dira, azkenean. Eta hortik biderketa hori. Bat bider bat, beti da bat. Baina bat asko bil daitezke unitate horren inguruan. Unitate horren inguruko kosmologia bat da. Eta erakusketa ere bat da, baina unitate askoz osatuta dagoena».
Orain bi urte Moises Perez de Albeniz galeriarako egindako eskultura bat da erakusketaren abiapuntua. Hor hasten da metaketa, unitate horren inguruan. Hainbat lan aukera ikusi zituen Irazuk aulki batekin eta beste zenbait materialekin egindako lan hartan, eta haiek garatzea izan du helburua. Hori izan da bere buruari jarri dion muga eta erronka. Hasierako ideia hark irekitako aukeretatik ez apartatzea, eta, hala ere, pieza ezberdinak egitea. «Gai berari bueltaka nabil etengabe, perimetro ezberdinetan bada ere. Dena dago erlazioan, ez bisualki, beharbada, baina bai kontzeptualki. Partitura moduko bat da erakusketa osoa».
Prozesuaren garrantzia
Ez du hasierako pieza horren garrantzia nabarmendu nahi, hala ere. «Bat gehiago da», dio, «sorburua, baina bat gehiago». Prozesuaren une bat. «Puntu horretan hasten da lana, eta hartatik heltzen da besteetara. Horrekin du lotura, batez ere, dinamika artistikoak, nire ustez: prozesuarekin. Paradoxikoa da, beharbada, baina hala da: bide bat hartzea erabakitzen duzu, baina ez dakizu nora doan. Aurrez pilatutako esperientziarekin zoaz aurrera, eta etengabean dituzu bi korronte; aldekoa bata, kontrakoa bestea. Hori da nire lan dinamika, prozesu horiek
irekiz joatea, helburu jakinik gabe».
Hiru sailetan banatu daitezke erakusketan ikusten diren lanak. Pintura esku-hartzea duten argazkiak daude batetik, aulkiaren eskulturatik abiatutako marrazkiak, bestetik, eta hasierako eskultura haren argazkietatik abiatuta sortutako altzairuzko hiru eskultura, azkenik. Nahastu egiten du bisitaria ispilu joko horrek, eta hori da, neurri batean, Irazuren asmoa. «Ortodoxiari izkin egin nahi diot», azaldu du. Ikuslei erakusketan parte harraraztea da lortu nahi duena. Ikusle baino gehiago, parte hartzaile bilakatzea. Eta tekniken nahasketa da horretarakoerabiltzen duen bideetariko bat. «Landu ditudan diziplinak ortodoxoak dira, baina ikonoklasta da ematen diedan tratamendua».
Pello Irazuren erakusketa ekainaren bukaerara arte egongo da zabalik.
Zeinuen gainean, zeinua
Pello Irazu artistak '(1x1)x1' erakusketa, «partitura moduko bat», jarri du Iruñeko Moises Perez de Albeniz galerianArgazkigintza, pintura eta eskultura nahasian ageri dira obra gehienetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu