Urdaibaiko biosferaren (Bizkaia) gaineko hamar esku hartze artistiko bilduko ditu Zentzua eta iraunkortasuna proiektuak uda aldean: horko paisaian arte garaikideko zenbait lan integratuko dituzte. Euskal Herriko eta kanpoko hamar artistak naturaren, lurraldearen eta esfera publikoaren gaineko esku hartze artistikoak egingo dituzte. Lanak uztailaren 21etik irailaren 23a bitartean ikusi ahalko dira biosferako zenbait lekutan, paisaia urbanoetan zein naturaletan. Erakusketa 2012 Bakearen eta Askatasunaren aldeko Kulturen Urtearen programako egitasmoa da. Horrekin batera, eta Urdaibaiarte izenpean, beste hiru ekitaldi antolatuko ditu Urdaibai 2012 Fundazioak.
Fundazioko ordezkariek eta Alberto Sanchez Balmisa Zentzua eta iraunkortasuna egitasmoaren komisarioak aurkeztu zuten proiektua atzo Bilbon. Sanchezek azaldu zuenez, esku hartze artistikoak «kritikoki» egingo dira. Izan ere, haren iritziz, arteak gizartean duen eginkizunaz galdetu eta garapen iraunkorra izango dute oinarrian lan guztiek: «Arteak gizarte kapitalistan duen lekuaren inguruko galdera planteatu behar du kokapen geografiko zehatz baten gaineko edozein esku hartze artistikok, garapen iraunkorreko erantzunak bilatu ahal izateko». Lara Almarcegui, Liam Gillick, Carlos Irijalba, Gunilla Klingberg, Maider Lopez, Rafael Lozano-Hemmer, Renata Lucas, Oscar Tuazon, Pieter Vermeersch eta Haegue Yang artistek hartuko dute parte.
Sanchez Balmisak azaldu dunez, proiektua lau fasetan garatzen ari dira. Artistak Urdaibaiko txoko natural eta urbanoak bisitatzen aritu dira azken hiru hilabeteetan. Informazioa biltzen aritu dira, eta bertako eragileekin elkarrizketak izan dituzte, lekua eta bertako gizartea sakontasunez ezagutzeko asmoz. Artelanen proiektu kontzeptualak garatu eta entregatu dituzte jada, eta hemendik gutxira, haien «bideragarritasuna» onartzen denean, hasiko dira ideiak zertzen. Urdaibaiko materialekin eta giza baliabideekin lan egingo dute, proiektuen iraunkortasuna bermatzeko. Atzerritarrak izanik, gehienek Urdaibai ez zuten ezagutzen aurretik.
Urdaibaiko erakunde eta bestelako eragileekin harremanetan daude orain, kolaborazio sareak osatzen. Artistek uztail aurretik egingo dituzte beren artelanak, baina oraindik ez dute jakitera eman esku hartzeak zehazki non egingo dituzten, Liam Gillick artista britainiarrarena kenduta: Gernikako Astra Sormen Lantegiaren fatxadan egingo duela jakitera eman dute. Oraindik ez dute erabaki erakusketa amaitu eta gero lanekin zer egingo duten. Horietako batzuk iraupen mugatukoak izango dira, baina besteak Urdaibain geratuko diren ikusteko dago oraindik.
Artearen «erantzukizuna»
Sanchezek azaldu duenez, ahalmen «etikoa» eta «kritikoa» eskatu zaie artista guztiei; izan ere, inguruaren gaineko parte hartzeek «erantzukizun handia» eskatzen dute haren iritziz. Alde horretatik, lan guztiek garapen iraunkorraren alde egin beharko dute. Proiektuak naturaren eta gizartearen gainean darabilen ikuspegi kritikoa erabakigarria suertatu zen egitasmoa hautatzerakoan, darabilen «koherentzia» eta biltzen dituen artisten izenekin batera, Pello Gutierrez 2012 Fundazioko kudeatzaileak jakinarazi duenez.
Urdaibai, artearen etxea
Zentzua eta iraunkortasuna proiektuarekin batera, «Paisaia kritikoak egitasmoak ere lurra eta garapena, paisaia eta ustiapena, jabetza publikoaren eta pribatuaren arteko etengabeko gatazka jorratzen du», Gutierrezek azaldu duenez. Maiatzean egingo dituzte jardunaldi horien bigarren ekitaldia. Kritikarea taldeak zuzendu ditu eta, esan bezala, artearen, naturaren eta esfera publikoaren inguruko gogoeta zientifikoa egingo dute. Talde hori Euskal Herriko Unibertsitateansortu zen.
Beste bi ekimenek osatuko dute Urdaibaiarte-ren programazioa; lehena, udan ikusi ahal izango da, eta Urdaibai inguruko artisten lanak bilduko ditu. Urdaibaiarte ON erakusketaren proiektuko lehen pausoak baino ez dituzte eman, eta ez dute artistarik hautatu oraindik. Baina, argitu dutenez, batez ere artista hasiberriek izango dute lekua erakusketa horren, nahiz eta deialdia inguruko artista guztiei zabaldu dieten.
Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena gogoratzea daBakearen eta Askatasunaren aldeko Kulturen Urtearen helburuetako bat. Horren harira,Gernikako bonbardaketaren ingurukoa izango da Urdaibaiarte-ko laugarren ekimenak. Nazioarteko adituek Pablo Picassoren Gernika margolanak izan duen eragina aztertuko dute, bai haren ondorengo arte irudietanizan duena, baita egungo gizarteko eskubide zibilen inguruanere. Arte, memoria eta demokraziari buruzko nazioarteko kongresua. Picassoren Gernikatik gaur egun arte kongresuan egingo dute.
«Zentzuzko» esku hartzeak
Urdaibaiko biosferako hainbat gunetan, hamar artistak nork bere obra landuko du, 'Zentzua eta iraunkortasuna' egitasmoan2012 Bakearen eta Askatasunaren aldeko Kulturen Urtearen barneko egitasmoa da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu