Saiakera

Zeri eta zertarako abestu

Idazleek idatzitako hitzekin sortutako kantuak ardatz hartuta, kantagintzaren inguruko gogoeta liburua aurkeztu du Gotzon Barandiaranek: 'Hitzen ahairea. Zeri kantantzen diogu euskaldunok?'.

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2018ko urriaren 9a
15:57
Entzun

“Zein harreman du kantatzen dugunak gure izaerarekin? Zeintzuk dira gure erreferenteak?”. Galderak. “Zeri kantatzen genion euskaldunok XIX. mendean? Eta XX. mendean? Zergatik irauten dute kantu batzuek gure gogoan betiko iltzaturik?”. Galdera gehiago. Idazleek idatzitako hitzekin sortutako kantuak ardatz hartuta kantagintzaren inguruko hausnarketak bildu ditu Gotzon Barandiaran idazleak Hitzen ahairea. Zeri kantantzen diogu euskaldunok? (Susa) liburuan. “Ibilbidea da liburuaren planteamendua. Ibilbide historikoa egin dugu, eta harilkatu ditugu autoreak beren obrarekin eta beren garaiarekin”. Iraganeko hausnarketa horietatik, gaur egungo egoerari buruz gogoetatzen du liburuan. Gaur aurkeztu du bere azken lana, Bilboko Bira kulturgunean.

Argibide bat eman du Barandiaranek lehenik. “Liburu hau ez da kantagintzari buruzkoa, baizik eta idazle eta musikarien elkar eraginetik sortutako kantagintzari buruzkoa. Horretara mugatu gara, jakinik gure kantagintza hori baino gehiago dela”. Idazle larrabetzuarrak Koldo Izagirreren XX. mendeko poesia kaierak bilduma izan du ardatz. Joan den mendean poeta bakoitzaren zein testu musikatu ziren zerrendatu zuen Izagirrek Diskografia atalean, eta, kantu horietatik abiatuta, galdera-erantzunen bila aritu da idazlea.

Lau zati ditu liburuak. Aurrena: Galtzaile izatearen kontzientzia kolektiboa. Bigarrena: Kantuan izateko. Hirugarrena: Erbestetik herriminez; eta, azkena: Euskarak biziraun dezan. Genero ikuspegiari ere heldu dio Barandiaranek. “XIX. mendetik XX. mendera bitarte gizonek idatzi eta gizonek kantatzen dute. Areago: gizonentzat eta gizonkeriaz abesten da. Emakumeak ez du protagonismorik, eta oso gutxitan musikatzen dira andreen lanak”. Itxaro Bordaren testuak dira salbuespen bakarra. “Emakume agertzen denean herriarekin parekatzen da: zain dago, negarrez, semea noiz iritsiko zain... Alegia, paisaia estatiko gisa azaltzen da, inoiz ez protagonista gisa”. Gai horri helduz, hausnarketagaia utzi du. “Zer egingo dugu XIX. eta XX. mendeko kantekin genero eta bestelako ikuspegitik? Egokitu behar ditugu? Letra aldatu behar diegu?”.

Marc Biosca i Llahi soziologo katalanaren tesiak bere egin ditu idazleak. Hark zioenez, 1960ko eta 1970eko hamarkadetako kantagintzak sinboloak sortu zituen. “Kantagintzak balio izan dio jendeari diskurtso bat eraikitzeko, eta oralekua ere eman dio: afektiboa eta politikoa. Oro har, asko elikatu gara idazle eta musikarien arteko kantagintzatik: borroka, aberria, justizia eta existentzia gisako kontzeptu abstraktu eta ukiezinak kantuetatik jaso ditugu, eta gero ikasi dugu idazleek idatzitako testuak direla asko eta asko”.

1970eko hamarkadara arte, kantari eta musikarien helburuak politikoak zirela iradoki du Barandiaranek. “Nahi dute entzuleak eta irakurleak jarrera aktiboa izatea. Mezua oso zuzena izaten da halakoetan, kolektiboki eragin nahi dutelako”. Bestelako joera bat nabari du, ostera, gerora. “Hiperpolitizazio politikotik, despolitizazio ageriko batera iristen gara”. Eta galdera batekin erantzun dio ideia horri. “Zenbat idazle eta musikarik erabiltzen dugu gaur egun, askatasun hitza gure letra edo poemetan?”. Andoni Tolosa Morau abeslariak egin dio hitzaurrea, eta hark gai hori darabil, hain zuzen ere. Zehaztapena egin du Barandiaranek. “Hortxe dago gakoa: gutasun kolektibo batetik nitasun kolektibo batera eta nitasun erabatekora igaro ez ote garen, eta bizipen kolektibotik norbanakoaren bizipenera pasatu ote garen”.

Sarean jarri dute liburua, eta hor aipatzen diren 140 kanta horien 227 bertsio entzungai daude sarean. “Belaunaldi askoren soinu banda dira, eta bata bestearen atzetik entzunda soinu bandago bihurtzen da”. 15 orduko iraupena du zerrendak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.