"Depresio kolektiboaren garai hauetan", Zetak taldeak "itxaropenaren ereserkia" egin nahi izan duela adierazi du. Pop taldeak Zeinen ederra izango den kanta sortu du, eta bideoklip bat egin du zaleek bidalitako 9.433 bideorekin.
Loraldia iristear dagoela adierazi du talde nafarrak, bideoa aurkezteko manifestu batean. Konfinamendu garaian "biluztu egin gara, gure oinarrira itzuli gara", gaineratu dute. Senide zein lagunen arteko loturak nagusitu dira itxialdian, musikarion arabera, eta "gainontzeko trapuak, orain bai, hutsalak zaizkigu". Bideoan, konfinamenduak galarazitakoak agertzen dira: bidaiak, mendia, lagun taldeak, besarkadak, eskuak lotuta...
Pello Reparaz musikariak sortu zuen taldea, Arbizun (Nafarroa), iazko azaroan, Vendetta taldea desegin ondoren. Pop elektronikoa lantzen du, euskaraz. Joan zen abenduan sortu zuten lehenengo disko luzea: Zetak izenburukoa.