Bi orduz zezen plazan atzera eta aurrera bueltaka zezenen modura ibiliko dira gaur Itineris Apur BAD ikuskizunera joango diren ikusleak. Ana Martinezek ekimenaren koordinatzaileak azaldutakoaren arabera, bogan dagoen ikuskizun mota da Site specific deritzona. Leku jakin baterako espresuki sortutako esperimentazio ikuskizuna. «Antzerki eta dantza ohiko agertokitik atera nahi izan genuen duela sei urte, horretarako Itineris Apur BAD ekimena sortuz». Aurreko ekitaldietan hiriko metro geltokiak, museoak, lantegiak eta hotelak agertoki bilakatu zituzten. Aurten Bilboko zezen plazak Itziar Madariaga, Pako Revueltas, Rafa Aceves, Irene Bau eta Bego Kregoren lanen estreinaldiak hartuko ditu. Itineris-ek txikiena espazio handian nola eskaini daitekeen aztertuko du gaur. Arte pieza txikiak, ikus-entzule gutxirentzat, jende askorentzako ikuskizunak jasotzen dituzten lekuetan.
Artea zezen plazan barrena
Hiru emanaldi izango dira, 18:00etan, 19:00etan eta 20:00etan, eta bakoitzean 50 ikusle. Sartu ahala, Toreatzaileen Gelan batuko dira ikus-entzuleak. Kalean gaua da eta ikuskizunerako prestatutako argiek gidatuko dute publikoa zezen plazan barrena.Gaur ikusiko dituzten artistek pare bat hilabete daramatzate zezen plazarako obra hauek tentuz sortzen. Ikus-entzuleak 4. harmailan dagoen tabernara joango dira, eta han Itziar Madariaga multimedia artistaren eskutik soinu ibilbide bat hasiko dute. Ondoren, zezen plazako karrajo ilunetan barrenduko dira El Apartado esaten zaion gunera iritsi arte. Bertan, Bego Kregok eta beste hiru dantzarik txoko horretarako espresuki sortutako Así y restar dantza ikuskizunarekin egingo dute topo. Ikuskizun horrek itxaroteari, zalantzari eta bizia salbatzeko desioari buruz gogoeta egitera gonbidatuko ditu ikusleak. Zezenak hondarrera irten aurretik egiten duten ibilbidea eginez, jendeak zezen tokian egingo du hurrengo geldialdia, Irene Bauren Encierros. La cárcel dentro de la carcel antzerki lanaz hausnartzeko. Zezen plazetan ohikoak diren ingurune itxi horietan sartzera gonbidatuko ditu ikusleak, preso gisa egoteak ze sentipen sortzen duen bizi dezaten. Irene Bauk zabaldu eta itxi egiten diren ateak behin eta berriro zeharkatuko dituzten antzezleak zuzenduko ditu. Jarraian, kortan, Rafa Acevesek Pasodoble lanaren bidez musika konpositore baten sormen prozesua azalduko du. Pako Revueltasek Aquí no pasa nada performance ikuskizuna eskainiko du hiltegian, torturaren inguruko gogoeta kritikoa sustatzeko asmoz. Ibilbidea hareatzan amaituko da, Itziar Madariagaren musikak lagunduta.
Bilboko Bildu udal taldeak salatu du XIII. BAD jaialdian euskarak ia presentziarik ez izatea, atzo zabaldutako agiri baten bidez, aurkeztu diren 22 lanetatik euskarazko bakarra dagoela nabarmenduz.
Zezen plazan dantzan
Bilboko Vista Alegren estreinatuko dira gaur 'Itineris Apur BAD' ekimeneko bost ikuskizunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu