Zeziliaren haurrak

Arkaitz Mendoza.
2010eko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Zuzendaria: Diego Fasolis. Abesbatza: Schola Easo. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Azaroaren 19a.

Arkaitz Mendoza

Atzo bertan Musikarien Eguna ospatu zen, eta gure patroi Santa Zezilia zorion amaigabean murgilduta sentituko zen Easo abesbatzako mutil koxkorrak entzutean. Zeziliaren magalean hezten ari diren haur hauen partaidetza bikaina izan zen Haendelen Santa Zeziliaren Oda obran, batez ere lehen ahots gorenetan. Obra amaieran nekatuta sentitu arren, ziurtasuna, adorea eta kemena nagusi izan ziren pasarte fugato orotan. Halere, babes modura kokatuta geneuzkan gizonezkoek ez zuten ahots oreka eta bateratasuna guztiz biribildu haurrekiko, une batzuetan orkestraren artikulazio eta tempoetatik ihes eginik. Maria Espada sopranoak eta Juan Sancho tenore gazteak duintasunez erantzun zuten beren egitekoa, Espada eta zango-biolaren artean urreztatutako aria zoragarri izanik.

Sevillako barroko talde hau oso euskalduna izan zen honakoan, aurpegi ezagun pila bat harizko instrumentuetan, Merzero lehen biolinean kasu, eta energia iturria pil-pilean uneoro. Elkar ulertzea asko lantzen dute hauek, eta emaitza paregabea izan zen, betiere Fasolisen sentiberatasuna eta kalipua geroz eta nabarmenagoa izanik. Veraciniren 6. Obertura aukeratu zuten ekitaldiari hasiera emateko, eta hoztasun harrigarria nabaritu zen haize instrumentu hirukotean. Lehenengo oboe d'amore-ak zailtasun pila bat izan zituen oztopoak gainditzeko, eta obra kili-kolo goritu zen, hariaren soinu burrunba haize instrumentuen geldotasunarekin elkar lotu ezinik.

Garcia-Bernalt organo jotzaileak Haendelen 13. Kontzertua interpretatu zuen ostean, ornamentazio irizpide adoretsuekin, eta garbitasuna izan zen alderdirik baikorrena bere lanean, bigarren Larghettoan orkestra eta bakarlariak gauzatzen duten elkarrizketa ulertezina izan arren. Watermusic Suite-an tronpeta naturalaren rolari ekiteko bikote paregabea azaldu zitzaigun, Zezilia patroia guztiz kontent utziz eta etorkizuneko ahotsen lilura ziurtatu dugula aurreikusiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.