Zinema. Estreinaldiak

Zientzia-fikzioa eta akzioa nagusi abuztuko estreinaldietan

Riddley Scotten 'Prometheus' filma, Jason Bourneren berria, 'remake'-ak eta banpiroak hurrengo hilabeteko eskaintzanZhang Yimou eta Takashi Miikeren azken lanak estreinatuko dituzte datozen asteetan

Jeremy Rennerrek hartu du Matt Damonek utzitako lekua Bourne agenteari buruzko sailean. BERRIA.
Gontzal Agote.
2012ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Abuztua ez da hilabeterik onena zinema aretoetarako. Oporraldiak, beroak, nagiak eta bestelakoek ohi baino denbora gutxiago uzten dute pantaila handiko pelikula batekin gozatzeko, sufritzeko. Film banatzaileek oso ongi dakite hori, eta, salbuespenak salbuespen, estreinaldirik indartsuenak urteko beste garai batzuetarako utzi ohi dituzte. Hala eta guztiz ere, abestiekin gertatzen den moduan, beti izaten da udako pelikula izan nahi duen filmik.

Batmanen nagusitasunaren aldean, Ridley Scotten Prometheus da hari itzal egiten ahal dion ekoizpen bakarrenetakoa. Ipar Euskal Herrian estreinatuta dago, eta Hego Euskal Herriko aretoetara datorren astean ailegatuko da, abuztuaren 3an. Berez, Alien ospetsuaren prekuela bat ez bada ere, film horrekin lotura asko ditu Scotten lan berriak; horregatik, egundoko ikusmina sortu du.

Zientzialari talde batek espedizio bat antolatuko du aurkitu berri duen planeta batera. Han, Lurraren jatorria zein den ikertzen saiatuko dira, baina haien muga fisiko eta mentalak mugaraino eraman beharko dituzte inguru berri eta ezezagun horretan.

Prometheus ez da iraganarekin lotura duen abuztuko estreinaldi garrantzitsu bakarra. 1990ean Paul Verhoevenek Total Recall klasikoa egin zuen, Arnold Schwarzeneggerrekin eta Sharon Stonerekin. Philip K. Dick idazlearen narrazio batean oinarrituta, filmak Martera joan nahi duen pertsonaia baten amesgaiztoa kontatzen du. Verhoeven filmaren remake-a egin berri du Len Wiseman zuzendariak, Collin Farrell eta Kate Beckinsalerekin. Errealitatearen eta oroimenaren inguruko kontakizun berritu hori Ipar Euskal Herrian estreinatuko da abuztuan; Hego Euskal Herrira, berriz, irailean ailegatuko da.

Bourne berritua

Eta iraganari lotuta agertzen den abuztuko beste apustu handia Bourne sailaren laugarren atala da. Lehenengo hiru pelikulek mugarri bat ezarri zuten espioitza eta akzio filmetan; horregatik, zeregin zaila du Tony Gilroyk The Bourne Legacy-rekin. Robert Ludlumen liburuek film berri baterako eman dute, baina kasu honetan Matt Damon gabe. Haren ordez, Jeremy Rennerrek egin du CIAko agente amnesikoarena.

Gazteenei begira hainbat estreinaldi izanen dira hurrengo hilabetean. Horien artean dago Adam Shankmanek zuzendu duen Rock Ages filma. Izenburu bereko musikalean oinarrituta, istorioa 1987. urtean gertatzen da, eta 80ko musikari egindako omenaldia da. Filmean parte hartu duten aktore ezagunen artean, Tom Cruise, Paul Giamatti eta Catherine Zeta-Jones daude. Cruise tximadun bat ikustea da filmak duen amu nagusietakoa.

Banpiroek ere oso harrera ona izan dute azken urte hauetan. Mota guztietakoak ikusi ditugu, baina Timur Bekmambetoven filmak marka guztiak hautsiko ditu. Izan ere, Abraham Lincoln Ameriketako Estatu Batuetako presidentea izan zena banpiro-ehiztariaren rolean jarri du. Abraham Lincoln: Vampiro Hunter-ek Tim Burton zinemagilearen ekoizpena izan du.

Kalitate maila handirik gabeko beste apustu komertzial nahiko seguru bat, The Expendables 2, abuztuan estreinatuko den filma. Sylvester Stalloneren ekimenez martxan jarri zen esperimentua The Expendables filmean, azken urteotako kolpe emaile ezagunenak film bakarrean elkartuta. Antza, formulak arrakasta izan zuen, eta aurki bigarren partea ailegatuko zaigu. Stallonez gain, Bruce Willis, Jason Statham, Chuck Norris, Jean Claude Van Damme, Arnold Schwarzenegger...

Zorionez, bestelako mota bateko hainbat film ere estreinatuko dira abuztuan. Ez dute horrenbesteko ikuslerik erakarriko, baina gutxieneko kalitatea bermatzen ahal dute. Horien artean dago Zhang Yimou zinemagile txinatarraren azken lana, Shan zha shu zhi lian, herrialdeko kultur iraultza delakoan girotuta dagoen drama erromantikoa.

Japoniatik etorriko da Takashi Miikeren azken lana, Ichimei, Shonobu Hashimotoren filmaren remake-a den samurai filma. Gutxiengoaren arreta jasoko duen filmen artean dago Bonsai pelikula txiletarra ere. Cristian Jimenezen drama Cannesko Zinemaldian estreinatu zuten, eta abuztuaren erdialdean hemengo zinema aretoetara ailegatuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.