Artea

Zigak Parisen emandako urteei buruzko erakusketa zabaldu dute Iruñean

El mercado de Elizondo artelanaren ehungarren urteurrenarekin batera antolatu dute, eta ekainaren 21era bitarte ikusgai izanen da.

"Ziga eta Paris. 1912-1914" erakusketa inauguratu dute Kondestable Jauregian. I. URIZ, ARP
Iker Tubia.
2014ko maiatzaren 9a
10:47
Entzun

Argien hiria zen Paris 1912. urtean. 30.000 biztanle eskas zituen Iruñetik atera eta bertan bi urte eman zituen Javier Ziga (Iruñea, 1877-1960) margolari nafarrak. Han landu zituen bere sorterrian inolaz ere eginen ez zituen biluziak, Parisko zokoak biltzen dituzten 10x15eko oholak edota margolan kastizistak. Bi urte haietan sortutako margolanak bildu dituzte Iruñeko Konestable jauregiko lehenbiziko solairuan.

Artelan batzuk pribatuak badira ere, erakunde publikoen margolanak ere ikus litezke. Adibidez, El mercado de Elizondo (Elizondoko merkatua), erakusketako obra nagusia, aurten ehun urte bete dituena. Lan hori Iruñeko Udalarena da. Gitana y guitarrista (Ijitoa eta gitar-jotzailea) artelana ekartzeko zailtasunak izan dituzte, Parisetik heldu baita.

Pello Fernandez erakusketaren komisarioak Zigaren lana goraipatu du gaur goizean egindako aurkezpenean. Metapintura gisa definitu du artista iruindarraren lana. "Bere artelanen lehenbiziko irakurketa erraza da, baina bigarrena eta hirugarrena sakonagoa da". Margolanek atzetik duten esentzia aldarrikatu behar dela uste du: "esentzia eta egien artista da Ziga". Ekainaren 21a izanen da erakusketa ikusteko azkenengo eguna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.