Zilar Asteak 80ko hamarkadako Durango izango du aztergai

Mahai ingurua, film labur lehiaketa, jolas tailerra eta literatur eskola egingo dituzte apirilaren 12tik 16ra

Erredakzioa
2011ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Zilar Astea izeneko aste tematikoa antolatzen du urtero Durangoko Plateruena kafe antzokiak. Ardatz jakin bat hautatu,eta euskal kulturgintzan zer eman duen aztertzen dute, diziplinartekotasuna eta herri kulturgintza landuz. Aurten, 80ko hamarkada hartu dute ardaztzat. «Urte haiekezagutu eta biziberritu gura ditugu. Orduko ahotik, gaurko begiekin».

Apirilaren 12tik 16ra bitartean hainbat ekitaldi egingo dituzte Durangon, baina aurretik ere 1980ko hamarkadaren ingurukoak landu dituzte Durangoko batxilergoko eskoletan: webgunearen bitartez, Egizu zeuk film laburren lehiaketa antolatuz eta ikastetxeetan Juan Luis Zabala idazlearekin solasaldiak eginez, Galdu arte eleberriaren irakurketa oinarri hartuta.

«Urte esanguratsuak izan ziren 80ko hamarkadakoak Euskal Herrian, baita Durangon bertan ere. Ez bakarrik politika eta gizarte arloan, kultura arloan ere bai». Garaia egoki kokatzeko, 80ko hamarkadako Euskal Herriari buruz mahai inguru bat egingo dute datorren asteartean, 20:00etan, Plateruenan. Josu Zabala Hertzainak taldeko kidea, Mario Zubiaga soziologoa eta Idoia Eizmendi Bilboko Gaztetxeko kidea izango dira parte hartzaileak. Hilaren 14an, berriz, (Za)patuek ikuskizuna emango dute Plateruenan, 20:00etan.

'Durang80' dokumentala

Bestalde, apirilaren 15ean, 80ko hamarkadako Durangoko kultur, herri eta auzo mugimenduaren lekukotasunak biltzen dituen dokumental bat aurkeztuko du Unai Iturriagak San Agustin kultur gunean, 22:00etan: Durang80.

Apirilaren 16an, 10:00etan, Literatur Eskola egingo dute Udal Liburutegian, Punk mugimendua eta garaiko literatura goiburupean. Arratsaldeko seietan, 80ko Olgetan tailerra egingo dute Plateruenan, umeei sasoi hartako jostailu eta jolasak erabiltzen irakasteko. 20:00etan, Durang80 dokumentala emango dute eta Egizu zeuk film laburren lehiaketaren sari banaketa egingo dute San Agustin kultur gunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.