Zinema

Zinebik hil ondorengo Ohorezko Mikeldia emango dio Aitor Mazori

Aktore bilbotarraren ibilbidea eta "izan duen izaera indartsua" aitortuko du

Apirilean Bilboko Loraldia jaialdian parte hartu zuen Aitor Mazok. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS
Berria
2015eko urriaren 21a
13:02
Entzun

Azaroaren 13tik 20ra egingo da Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 57. ekitaldia, eta lehenengo egunean, hasierako galan, emango diote saria Aitor Mazo zenari. Ohikoa denez, Arriaga antzokiko agertoki nagusian egingo da sari emate ekitaldia.

"Sari hori bilbotar guztien maitasunaren eta jaialdiak goitik beherako antzezle baten lanaren aurrean duen aintzatespenaren adierazpena da. Erregistro dramatikoen aniztasun handiak eta antzezle gisa izan duen izaera indartsuak markatu dituzte bere lan guztiak", adierazi du ohar baten bidez Zinebik.

1961ean jaioa, gaztetatik izan zuen antzerkirako bokazioa eta Maskarada taldean hasi zen antzezle lanetan. Zinemako antzezle gisa egin zituen lehenengo lanak A los cuatro vientos (José Antonio Zorrilla, 1987) eta Vacas (Julio Medem, 1992) izan ziren, eta horien ondoren bigarren mailako antzezle gisa aritu zen Gonzalo Suarezen (La reina anónima, 1992), Luis Garcia Berlangaren (Todos a la cárcel, 1993), Enrique Urbizuren (Cachito, 1995) edo Juanma Bajo Ulloaren (Airbag, 1997) esanetara.

Bere lanen artean daude, halaber, Alex de la Iglesiaren La comunidad (2000), Emilio Martínez Lazaroren La voz de su amo (2001), Manuel Gutierrez Aragonen Visionarios (2001), Francesc Bellmunten Lisístrata (2002), Miguel Courtoisen El lobo (2004), Ernesto del Rioren Valeria descalza (2011) eta Pablo Maloren Lasa eta Zabala (2014) esanetara.

Aitor Mazok gidoilari eta zuzendari lana ere egin zuen Patxo Tellería lankide eta adiskidearekin La máquina de pintar nubes (2009) eta Bypass (2012) lanetan. Horrez gain, hainbat film laburretan ere hartu zuen parte, horien artean zineman egindako bere azken lana izan denean: Artificial (David P. Sañudo, 2015). Film hori jaialdiaren inaugurazio ekitaldian ikusi ahal izango da, euskal zinemari eskainitako lehiaketa barruko sekzio ofizialean.

Aitor Mazo joan den maiatzean hil zen.
 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.