Dennis Todorovic alemaniarraren Sasa filmak irabazi du fikzioko film luze onenaren Zinegoak saria, «lehen amodioaren tolesgabetasuna eta immigranteen integrazioa oso ondo definituriko pertsonaien bitartez uztartzeagatik eta hartarako baliaturiko umore eta tonu sinesgarriagatik». Halaxe ebatzi du gayen, lesbianen eta transexualen inguruko Bilboko zinema jaialdiko epaimahaiak, alegia, Laura Copens, Anna Boluda eta Mikel Rueda zinemagileek.
Dokumental luze onenaren Zinegoak saria, berriz, Tomer Haymannek erdietsi du. I Shot My Love-n, alemaniar eta israeldar judu baten arteko harremana «erabateko naturaltasunez» azaldu duela goraipatu du epaimahaiak, baita «eztabaida etikoa planteatu eta zinema dokumentala noraino hel daitekeen» erakutsi duela ere. Film luzeen atalean, beste bi lanek jaso dute epaimahaiaren aipamena: Haim Tabakman israeldarraren Eyes Wide Open fikzioko filmak, eta Peter Goldsmin eta Zalene Muholi hegoafrikarren Difficult Love dokumentalak.
Lan horrek irabazi du, hain zuzen, Bilboko Udalaren Emakume Sailak ematen duen Lesbianismo eta Generoaren Zinegoak saria. Ana Gutierrez, Antonia Llera eta Amparo Villar izan dira epaileak, eta «arrisku handiko filma» dela nabarmendu dute, «lan ausarta». «Hegoafrikako lesbianen errealitatea erakusten du, eta saria emanez egileak lagundu egin nahi ditugu gisa horretako lan gehiago egin ditzaten», esan dute.
Jaialdiak «erabateko arrakasta» izan duela ziurtatu du Roberto Caston zuzendariak. Gaur amaituko da, eta atzo arte 5.000 lagun zenbatu dituzte emanaldietan. Hain justu, ikusleek dute film labur onenaren saria emateko aukera, eta, saioen ondoren emandako botoen ondorioz, Alfonso Cortes eta Juanjo Lopezen Elige Siempre Cara gailendu da. Aurreneko aldia da film laburren artean lan dokumental bat nagusitzen dela, fikziokoen aldean.
Lan hori, Sasa-rekin batera, Bilborocken emango dute gaur, 20:00etan. Zinegoak Hedapena-ren barruan, hainbat film erakutsiko dituzte, besteak beste, Getxon, Iruñean eta Errenterian.
Zinegoak jaialdian, Todorovicen 'Sasa' eta Haymannen 'I Shot My Love' garaile
Fikzio eta dokumental onenen sariak eskuratu dituzte, eta film labur onenaren saria 'Elige siempre cara'-k lortu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu