ZINEMA. Asteko estreinaldiak

2010eko azaroaren 5a
00:00
Entzun
'LA MOSQUITERA'

ZUZENDARIA: AGUSTI VILA. AKTOREAK: EMMA SUAREZ, EDUARD FERNANDEZ, MARTINA GARCIA, MARCOS FRANZ, ALEX BATLLORI, GERALDINE CHAPLIN. HERRIALDEA: KATALUNIA. IRAUPENA: 95 MINUTU.

Bukatu berri den Valladolideko (Espainia) Seminci zinemaldi entzutetsuan, Agusti Vilaren hirugarren film luzeak eman du ezusterik handiena. Epaimahaiaren zilarrezko galburua irabazi du, eta Emma Suarezek, emakumezko aktore onenarena. Nahiko gai gordinak jorratzen ditu filmak -gaixotasuna, intzestua eta heriotza-, baina horiei ironiaz begiratu nahi izan die zuzendariak, horretarako umore beltza erabilita. Pertsonaia guztiak sare ikusezin batean daude harrapatuta eta ez dakite hortik nola atera. Azkenaldi honetan sona handia eskuratu duen ekoizle bat dago film honen atzean: Luis Miña-rro.

'AGNOSIA'

ZUZENDARIA: EUGENIO MIRA. AKTOREAK: BARBARA GOENAGA, MARTINA GEDECK, EDUARDO NORIEGA, FELIX GOMEZ, SERGI MATEU. HERRIALDEA: ESPAINIA. IRAUPENA: 105 MINUTU.

Aurreko astean Los ojos de Julia genero fantastikoko filma estreinatu eta izugarrizko arrakasta komertziala lortu du. Beharbada, kasualitatea da, baina hona hemen traza bertsua duen film bat. Honakoa ere film sasi-fantastikoa da; gaixotasun batekin zerikusia du. Barbara Goenagak Joana Pratsena egin du, XIX. mendeko Bartzelonan bizi den gazte batena. Gaixotasun ezohiko bat du: agnosia; haren burmuinak ez ditu behar bezala interpretatzen kanpotik etortzen zaizkion seinaleak.

'LA BOHEME'

ZUZENDARIA: ROBERT DORNHELM. AKTOREAK: ANNA NETREBKO, ROLANDO VILLAZON, NICOLE CABELL. HERRIALDEA: AUSTRIA. IRAUPENA: 115 MINUTU.

Bi urte behar izan ditu Pucciniren operaren bertsio honek gure aretoetara iristeko. Baina azkenean hemen da Dornhelmen esperimentu ausarta. Pucciniren lan ezaguna hartu du eta horri film baten forma ematen ahalegindu da. Istorioa ezaguna da: XIX. mendearen hasieran Parisko ganbera triste batean lagun talde bat bizi da. Arteaz bizitzea dute amets. Hor dira Rodolfo musikaria, Colline filosofoa, Marcelo artista eta Schaunard musikaria. Bohemioak eta pobreak dira, baina bizitzeko gogo izugarria dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.