'DIDI HOLLYWOOD'
ZUZENDARIA: BIGAS LUNA. AKTOREAK: ELSA PATAKY, PETER COYOTE, PAUL SCULFOR. HERRIALDEA: ESPAINIA. IRAUPENA: 95 MINUTU.
Bigas Luna katalanak emakumeen eta arrakastaren inguruko trilogia berezi bati ekin zion Yo soy la Juani-rekin, eta orain bigarren atala ailegatu da; ez da aurrekoaren jarraipen zuzena. Elsa Pataky modeloak Diana Diazena egiten du. Espainian bizi den gazte ameslari bat da, eta zerbitzari egiten du lan, beti gau giroan, baina lanarekin eta inguruarekin nazkatuta dago. Aktore izan nahi du, eta, Miami aldera jo ondoren, Los Angelesera ailegatuko da. Zinemaren munduaren alderdi iluna ezagutuko du, eta distiraren atzean ezkutatzen den miseria.
'LOUISE-MICHEL'
ZUZENDARIA: BENOIT DELEPINE, GUSTAVE KERVERN. AKTOREAK: YOLANDE MOREAU, BOULI LANNERS, BENOIT POELVOORDE. HERRIALDEA: FRANTZIA. IRAUPENA: 94 MINUTU.
Duela bi urte Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten komedia beltz hau, eta, harrera nahiko hotza izan zuen arren, gidoirik onenaren saria irabazi zuen. Nahiko umore basatia erabiltzen dute bi zuzendariek; hainbati asko gustatuko zaio, eta beste askori, berriz, erabat zentzugabea iruditu. Egungo egoera ekonomikoarekin oso lotuta dago istorioa: Frantziako herrixka bateko langileak kaleratu egin dituzte egun batetik bestera, multinazionalak lantegia ixtea erabaki baitu. Langileek bat egin dute, beren dirusari lotsagarriak batu eta horrekin zerbait egiteko.
'THE STONING OF SORAYA M.'
ZUZENDARIA: CYRUS NOWRASTEH. AKTOREAK: SHOHREH AGHDASHLOO, MOZHAN MARNO. HERRIALDEA: AEB. IRAUPENA: 116 MINUTU.
Benetako gertaera batean dago oinarrituta istorio lazgarri hau. Horren gainean arrakasta handiko liburua idatzi zuen Freidoune Sahebjam kazetariak. Sahebjam bera da filmeko protagonistetako bat, Iranen egiten ari den bidaia batean autoa matxuratuko zaion kazetariaren rolean. Laguntza eske, herrixka batera joan eta Zahra ezagutuko du. Gainerako biztanleek ezkutatzen dutena kontatuko dio Zahrak: Soraya gaztea harrikatu nahi dute, haren senarrak adulterioa leporatu baitio. Salaketa kanpaina abiatuko du Sahebjamek.
ZINEMA. Asteko estreinaldiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu