ZINEMA. Callahanek fusila hartu du

Clint Eastwoodek arrazakeriaren inguruan hausnarketa egin du 'Gran Torino' bere 30. filmean

xabier martin
2009ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Clint Eastwood (San Frantzisko, AEB, 1930) 79 urte betetzera doa aurtengo maiatzean. Baina adina ez da arazo harentzat; alderantziz, Mystic River-en egileak aspaldian erakutsi du urteak bere alde jarri dituen zinemagilea dela. 2008an inoiz baino argiago geratu da ibilbide luzeak eskarmentua eta jakinduria besterik ez diola ekarri Clint zaharrari. Makalaldirik ez, behinik behin. Izan ere,1971n jarri zen kameren atzean estreinakoz, Play Misty for me filmatzeko, eta Changeling berriki plazaratu ostean, Gran Torino Eastwooden 30. filma iritsi da dagoeneko zinema aretoetara. Lapurdin asteazkenean hasi ziren ematen, eta martxoaren hasieran Hego Euskal Herrian jarriko dute ikusgai.

Gran Torino ez da Hollywoodeko ekoizpen handien parekoa. Ez, behintzat, aurrekontuari begira (Malpaso Eastwooden ekoiztetxea eta Warner Bros atzean egonda ere). Beharbada horregatik ez du Oscarretarako hautagaitzarik jaso -asko harritu egin dira-. Baina bere txikitasunean filmak gauza on ugari dituela nabarmendu dute kritikari gehienek. Are gehiago, Changeling-ekin alderatu dute leku askotan, bien gertutasun kronologikoarengatik, eta konparazio horietan Angelina Jolie rol nagusian duen filma ateratzen da galtzaile. Istorio soil eta errazaren bidez arrazakeriaren inguruko hainbat hausnarketa egin ditu zuzendariak Gran Torino-n, interpretazioaren rol nagusia berak hartuta.

Eastwooden keinu txiki bati esker auto bera duten arren, Walt Kowalski erretxina ez da Harry Callahan; ez du Harry zikinaren Magnum 44-a, errepetizio erriflea baizik, baina bai haren adorearen zati handi bat bakean maite duen bere auzoa (eta Gran Torino bere autoa) asiar jatorriko banda gogorretatik babesteko. Erretiroa hartu duenetik autoari distira ateratzeak eta garagardo latak husteak besterik ez diote gozamen apur bat ematen. Harik eta Hmong banda 1972ko auto preziatua lapurtzen saiatzen den arte. Alargun erretxinak bere benetako izaera erakutsiko du orduan, eta, nahi gabe ere, Koreako gerrako beteranoa heroi bihurtuko da Michigango langileen auzoan. Deseroso hartuko duen estatus berri horrek asiar jatorriko bizilagunekin harremanak estutzera eramango du.

Neurrira idatzitako pertsonaia

Dave Johansonen ideiatik abiatuta idatzi zuen Nick Schenkek Gran Torino, eta Eastwoodek zinemara eramateko erosi zituen eskubideak. Istorioa ez da apartekoa, ez da erabat biribila, askoren ustez, baina badauka Unforgiven-en egile laudatuarentzat oso garrantzitsuak diren ezaugarriak. Senitartekoen arteko harreman gaiztotuak, Elizarekiko haserreak, bakardade garratza, arrazakeria eta matxismoa aztertzeko aukera ematen dio istorioak, eta hori guztia bere neurrira idatzitako rol protagonista baten bidez.

Beharbada nabarmenegia da hori. Alegia, Walt Kowalski da Gran Torino, bera bakarrik. Halaxe nabarmendu dute askok. Eastwooden alboan gainontzeko aktoreak -ezezagunak gehienak- galdu egiten dira. Baina esamesek diote interprete gisa hau izan dela haren azken agerraldia. Ematen du horretan behintzat adinak baduela garrantzia. Eta ustezko agurrerako Million Dollar Baby-ko Frankie Dunnen tankerako pertsonaia aukeratu du, baina hura baino dezente erretxinagoa.

Eastwood, abesten

Bestela, Gran Torino umorea bolo-bolo baliatzen duen drama bat da. Gidoi soilak elkarrizketa soilak ditu, zuzenak, baina nahiko Eastwoodek adierazi nahi duenarentzat. Million Dollar Baby, A Perfect World eta True Crime-ekin badu antzekotasunik: bat-bateko heriotza batek istorio osoa baldintzatzen du.

Bere azken filmetan egin duen moduan, Clint Eastwoodek idatzi du Gran Torino-ren musika, eta oraingoan abesten ere ausartu da. Kantu nagusian bere ahotsez laguntzen dio Walt Kowalskiren barealdiari, etengabeko itzala balitz bezala.

Clint Eastwoodek aurki izango du prest hurrengo lana: The Human Factor, Mandelari buruzko istorio bat. Hala, zuzendari gisa 31. filma plazaratuko du. Itxura guztien arabera, oraindik garagardo lata ugari geratzen zaizkio husteko egile hiperaktiboari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.