«Zinema ekintza politikoa da»

'Un prophète' film arrakastatsuaren gidoia idatzi ostean, Jacques Audiarden hurrengo bi pelikuletan lan egingo du mauletarrak.

Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2010eko azaroaren 11
00:00
Entzun
Espetxeko mikrokosmosari buruzko Un prophète filmak Frantziako bederatzi Cesar lortu zituen iaz, eta Oscar sarirako hautagai izan zen. Thomas Bidegainek (Maule, 1968) lortu zuen sari horietako bat: gidoi onenarena. Bilbon aurkeztu zuen atzo, Pre-Zinebik antolatutako hitzaldian.

Egundoko arrakasta lortu zuen filmak, Frantzian ez ezik, beste hainbat herritan ere bai. Espero zenuen?

Inondik inora, ez. Aktore nagusia,Tahar Rahim, ez zen ezaguna, eta filmaren heren batek azpitituluak ditu. Nahiko gordina da, eta aurrera egin ahala, are gogorragoa bihurtzen da. Baina aktore ezezagunekin lan egin nahi genuen, Frantziako zinemak beste aurpegi batzuk eduki ditzan. Horretaz gain, arabiarrekin beste pertsonaia mota bat landu nahi genuen, betiko klixeetatik urrun. Ez genituen nahi aurkeztu integratzeko eginahaletan bizi diren gizagaixoen gisa, ezta gizaseme maltzur eta droga trafikatzaile gisa ere. Arabiarrak arabiar dira, besterik ez. Tahar Rahimek bi Cesar irabazteak izugarri poztu gintuen. Arabiarrak zineman egoki kokatzeko urrats bat egin genuela iruditu zitzaigun.

Espetxea egiaz zer den erakutsi nahi zenuen?

Frantziako zineman ez zegoen kartzelaren errealitate krudela erakusten zuen pelikularik, eta garrantzitsua iruditu zitzaigun horren berri ematea. Berdin dio artistikoki edo politikoki erakutsi. Garrantzitsuena erakustea da, erakusteak berak errealitatea ageriagoko egiten baitu jendearen begietara. The Godfather egin arte jendeak ez zuen mafia zegoenik ere planteatzen. Zinema ekintza politikoa da.

Garai bertsuan Daniel MonzonenCelda 211 estreinatu zen, eta lan horrek ere arrakasta nabarmena izan zuen. Haatik, ez dirudi gizartean interes handia dagoenik kartzeletanetengabeak diren eskubide urraketen inguruan. Ez da paradoxikoa?

Erakustea da lehen pausoa interes edo kezka bat sor dadin. Frantzian, esaterako, eztabaida piztu zen gai honen inguruan. Erabaki genuen eztabaida horretan ez sartzea. Zinemagile gisa, errealitate bat erakutsi genuen. Frantziako diputatu batek esan zuen: «Orain ezin dezakegu esan ez dakigunik». Hori zen gure asmoa, errealitatea azaleratzea. Filmak arrakasta izan zuen; beraz, pentsatzekoa da badagoela interes ñimiño bat. Beharbada, aurrerantzean jendeak egunkarian irakurtzen duenean tipo batek bere burua hil duela kartzelan, gogoratuko du zeinen baldintza ankerretan dauzkaten presoak Frantziako presondegietan.

Espetxe baten egoera nolakoa, gizarte horren osasuna halakoa?

Herrialde baten osasun politikoa neurtzeko aldagai nahiko adierazgarria da. Espetxeak gizartearen isla dira, mikrokosmosak. Sistema juridikoa ere neurgailu ona izaten da.

Gidoia idazten hasi aurretik espetxeren batean izan al zinen? Nola prestatu zinen idazteko? Nola dokumentatu?

Hiru urte eta erdi eman genituen gidoia idazten, eta filmatzen hasi baino hiru aste arinago bakarrik sartu ahal izan genuen Fleuryra, Parisko espetxe handienetako batera. Ez ziguten baimenik eman lehenago sartzeko. Ez ziguten utzi argazkirik egiten, ezta toki guztietara sartzen ere. Ez zitzaien interesatzen guk espetxea bertatik bertara ezagutzea. Suitzan desberdina izan zen; hango bi espetxetan izan ginen. Lagun bat Fleuryn egona zen preso hainbat urtez. Eta hark kontatu zizkidan pelikulan azaltzen diren hainbat istorio eta botere harreman. Plano bat ere egin zidan, eta horrekin eraiki genuen dekoratua.

Filmean ageri diren botere harreman eta istorioak egiazko kontakizun batean oinarritzen direla diozu. Baina korsikarrak oso txarto uzten ditu filmak; preso politiko gisa bainoago, mafioso gisa ageri dira...

Gaiztoak baino gehiago, tontoak dira korsikarrak. Aljeriako gerraren ondoren, militar asko kartzelako polizia bihurtu ziren, eta korsikarrak ziren beste asko, mafioso. Urteen ondoren, kartzeletan elkar topo egin dute. Batzuk alde batean; eta besteak, bestean. Kartzelan, nahiko mafiosoak dira korsikarrak. Euskal preso politikoen antzik ez dute batere. Frantzian galdetu izan didate zergatik ez nituen euskal presoak jarri preso korsikarrak jarri nituen paperean, baina ez dira halakoak. Kartzelan egon den edozeinek daki hori. Horregatik, pelikulan beste rol batzuetan agertzen dira.

Espetxeko poliziek darabilte jokabiderik ustelena, baina...

Onartezina da. Sistemak giza eskubideak bermatu beharko lituzke. Eta ez, gertatzen denez, horiek sistematikoki urratu. Pelikulan, korsikarrekin harremana mantentzea interesatzen zaie espetxeko poliziei. Euskal presoen errealitatea oso gertutik ezagutzen duten batzuek ere esan zidaten administrazioak preso batzuen babesa nahi duela. Egoera lehertuko litzateke bestela. Dena dela, esan beharra daukat Korsika izugarri gustatzen zaidala, baita korsikarrak ere. Pelikula zaila egin dugu. Arabiarrak ere agertzen dira, eta islamistak. Beldur ginen nola hartuko zuten. Baina, oro har, ez da kexarik egon. Bakar bat baino ez: Cannesen aurkeztu genuenean diputatu korsikar bat kexatu egin zen.

Parisen aspaldidanik bizi izanagatik, sarritan joaten da Maulera. «Un prophète-ren zati handi bat han idatzi nuen». Jacques Audiarden hurrengo bi filmak idatziko ditu. Lehena prest du dagoeneko.

Zeri buruzkoa da?

Autore kanadar baten narrazio laburrekin idatzi dut. Ur parke batean, orkekin lan egiten duen emakume bat da pertsonaia nagusia. Orkei izugarri kostatzen zaie inoren aginduetara jardutea, haien gainetik ez baitago beste espezierik. Horregatik, Psikologian lizentziadunak direnek zuzendu behar dituzte. Unibertso hori jaso nahi dugu filmean».



Seme bi dauzka Bidegainek: Tasio eta Elias. «Montxo Armendarizen filmagatik eta Elias Kerejetagatik». 24 urte zituenean, Kerejetarentzat lan egin zuen,AEBetan. Gidoilari hasi aurretik bestelako lanak egin zituen zinemaren munduan. «Bulego bat ireki zuen, eta han ekoitzi zituen film batzuekin lagundu nion».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.