'El páramo'
Zuzendaria: Jaime Osorio Marquez. Aktoreak: Juan David Restrepo, Mauricio Navas, Alejandro Aguilar, Julio Cesar Valencia, Mateo Stevel, Nelson Camayo, Andres Castañeda,. Herrialdea: Kolonbia. Urtea: 2011. Iraupena: 108 minutu.Originala da Kolonbiatik datorkigun proposamena. Beldurra eta intriga generoak uztartzen ditu soldadu talde baten inguruan eratutako filmak. Kolonbiako armadak soldadu beterano talde bat bidaliko du oihan bakarti batera; berehala haiekiko kontaktu osoa galduko dute. Bien bitartean, soldaduek nekazari gazte bat aurkituko dute, loturik. Jaso dituzten aginduei men eginez, posizio horretan egon beharko dute, nahiz eta inguruarekin harremana guztiz galdurik izan. Egoera horretan, laster hasiko dira haien arteko tirabirak eta, okerragoa dena, beldurra nagusitzen hasiko da. Film honek iazko Sitgesko zinemaldian hartu zuen parte.
'Lobos de Arga'
Zuzendaria: Juan Martinez Moreno. Aktoreak: Gorka Otxoa, Carlos Areces, Secun de la Rosa, Manuel Manquiña, Luis Zahera, Mabel Rivera. Herrialdea: Espainia. Urtea: 2011. Iraupena: 104 minutu.Iruñea zeharkatzen duen ibaia izateaz gain, Arga Galiziako herrixka baten izena da. Toki misteriotsua da, XX. mendearen hasieran madarikazio bat jaso zuen Mariño markesak, eta, horren arabera, hamar urte betetzean semea gizotsoa bihurtuko zen. Ehun urte geroago, Tomas idazleak herrira itzultzea erabakiko du. Argako seme kuttuna izendatu behar dutela uste du, baina bertako herritarren asmoa oso bestelakoa da, harekin sakrifizio bat egin nahi dute, gizotsoarekin behin betirako amaitzeko. Likantropia modu umoretsuan landu du Martinez Moreno zuzendariak eta protagonista lanetan euskal aktore bat jarri du, Pagafantas-ekin dezenteko arrakasta izan zuen Gorka Otxoa.
'Seeking Justice'
Zuzendariak: Roger Donaldson. Aktoreak: Nicolas Cage, Guy Pearce, January Jones, Jennifer Carpenter, Harold Perrineau, Xander Berkeley. Herrialdea: AEB. Urtea: 2011. Iraupena: 104 minutu.Nicolasen Cageren neurrira egindakoa dirudi akzioz beteriko thriller honek. New Orleansen, AEBetan gertatzen da istorioa, eta Gerard du protagonista. Gerardek han egiten du lan, irakasle gisara. Bere emazteak eraso bortitza jasan ostean, mendeku hartzea erabakiko du. Horretarako, pertsonaia misteriotsu baten laguntza izanen du. Simon da haren izena, eta Gerard laguntzearen truke oso fabore berezia eskatuko dio. Protagonistak onartuko du proposamena, jakin gabe korapilo batean sartzen ari dela. Ibilbidea luzea du Roger Donaldson zuzendariak (Cocktail, The Recruit, Dante's Peak), baina distira berezirik gabekoa.