Zinema. Estreinaldiak. Beste film batzuk

2012ko uztailaren 4a
00:00
Entzun

'Sykt Lykkelig'

Zuzendaria: Anne Sewitsky. Aktoreak: Agnes Kittelsen, Henrik Rafaelsen, Maibritt Saerens, Joachim Rafaelsen. Herrialdea: Norvegia. Urtea: 2010. Iraupena: 88 minutu.

Aspaldiko partez, thrillerra ez den Europako iparraldeko film bat ailegatuko da gure pantailetara. Komedia eta drama uztartzen ditu honakoak eta formulak nahiko ongi funtzionatu duela ematen du, orain arte oso harrera ona izan baitu. Sundanceko eta Sevillako zinemaldietan sari garrantzitsuak lortu ditu film norvegiarrak. Kajak ez du bizimodu erraza, senarrarengandik urrunduta, barne bakardadean bizi da, etxean sartuta. Hala ere, nahiko pertsona baikorra da. Ondoko etxera auzo berriak etorriko dira eta haienganako jakin-mina piztuko zaio: modernoak dira, itxuraz harreman perfektua dute eta are inportanteagoa dena, abesbatza batean kantatzen dute.

'La délicatesse'

Zuzendaria: David Foenkinos, Stephane Foenkinos. Aktoreak: Audrey Tautou, François Damiens, Bruno Todeschini, Pio Marmai. Herrialdea: Frantzia. Urtea: 2011. Iraupena: 108 minutu.

Beste inoren eskutan utzi bainoago, David Foenkinos idazleak hark idatzitako eleberria pantaila handira moldatzea erabaki du. Horretarako, Stephane anaiaren laguntza izan du. Bien artean egin dute komedia erromantiko honen egokitzapena. Nathalie gizonezko batekin maiteminduta dago, baina hura istripu batean hilko da. Hortik aurrera, dolu sasoi luzea hasiko du Nathaliek, ez du uste berriro ere maitemintzeko gai izanen denik. Ezustean, Markus lankidearekiko harremana estutzen hasiko da, gizonak ez du zorte handiegirik izan maitasun kontuetan, baina Nathaliek oso pertsona sentibera eta samurra dela deskubrituko du.

'Holy Motors'

Zuzendariak: Leos Carax. Aktoreak: Eva Mendes, Kylie Minogue, Michel Piccoli, Edith Scob, Denis Lavant, Jean-François Balmer, Big John, François Rimbau, Karl Hoffmeister. Herrialdea: Frantzia. Urtea: 2012. Iraupena: 115 minutu.

Aurtengo Canneseko zinemaldiko sail ofizialean aurkeztu duten pelikularik bereziena izan omen da Leos Carax Les amants du Pont-Neuf-en egilearen azkena. Zinema esperimentalaren barruan dagoen filma da, surrealismo ukitu nabarmenak dituena. Horiek horrela, zaila da filmaren sinopsia laburbiltzea. Holy Motors-ek izaki baten hogeita lau orduak kontatzen ditu, izaki horrek aurpegi diferenteak erakusten ditu egunean zehar, jokatzen duen rolaren araberakoa: eskale, hiltzaile, aita familiakoa... izaten ahal da. Nolabait, pelikula bat beste pelikula batean sartuta da honakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.