'The Lucky One'
Zuzendaria: Scott Hicks. Aktoreak: Zac Efron, Blythe Danner, Taylor Schilling, Riley Thomas Stewart, Jay R. Ferguson, Adam LeFevre. Herrialdea: AEB. Urtea: 2012. Iraupena: 101 minutu.Azken hilabeteotako Hollywoodeko aktore kutuna Zac Efron da, eta, film honekin, urrezko aukera du orain arteko ospea are handiago egiteko. Izan ere, haren nabarmentzerako egina ematen du drama erromantiko honek; batez ere, estatubatuarrak hunkitzen ahal dituen istorioa baita. Logan Thibault marine-a Irakeko gerran borrokatu da. Esperientzia gogorra izan da, eta bizirik irauten lagundu dion gauza bakarra berarekin eraman duen erretratu bat izan da, emakume ezezagun batena. AEBetara bueltan, emakume hori nor den jakiten saiatuko da, baita lortu ere. Modu horretan, Beth ezagutuko du, eta haren ondora hurbilduko da, beretzat talismana dela uste baitu.
'L'art d'aimer'
Zuzendaria: Emmanuel Mouret. Aktoreak: Emmanuel Mouret, Pascale Arbillot, Ariane Ascaride, Fréderique Bel, François Cluzet. Herrialdea: Frantzia. Urtea: 2012. Iraupena: 85 minutu.Bost ataletan banatuta dagoen pelikula da honako hau. Atal guztiek maitasuna dute gaitzat; hain zuzen ere, maitasuna sortzen den momentu berezi hori. Gutxien espero dugunean gertatu ohi da; orduan, musika berezi bat entzuten dugu barnean, eta horixe da Emannuel Moret zuzendariak bost istoriotan jaso nahi izan duena. Horrez gain, pelikulan zehar amodioaren inguruan hainbat aholku tartekatu ditu, pantailan agertuko diren esaldi batzuen bitartez. Mouret bera da aktore protagonistetako bat, eta, harekin batera, beste askoren artean, François Cluzet dago, azken hilabeteotan Intouchables pelikulari esker horren ezagun egin den a .
'Els nens salvatges'
Zuzendaria: Patricia Ferreira. Aktoreak: Marina Comas, Alex Monner, Albert Baro, Aina Clotet, Ana Fernández, Eduardo Velasco, Marc Rodriguez, Israel Frias. Herrialdea: Katalunia. Urtea: 2011. Iraupena: 100 minutu.Orain arte, oihartzun handirik izan ez duten hainbat pelikula eta dokumental egin ditu Patricia Ferreira zuzendari katalanak. Dirudienez, pelikula honekin aldatzen hasten ahal da haren patua; izan ere, aurtengo Malagako zinemaldiko ezusterik handiena izan da nerabetasunaren inguruko kontakizundramatiko hau. Espainian sona handia duen zinemaldi horretako sari nagusiak eskuratu ditu filmak; horien artean, pelikula eta gidoi onenarenak. Alex, Gabi eta Oki dira protagonista nagusiak; hiri handi batean bizi diren hiru nerabe dira, baina ez dute munduan haientzako toki egokirik aurkitzen, eta ingurukoekin komunikatzea ez dute batere erraza.