Zinema. Estreinaldiak. Beste film batzuk

2012ko apirilaren 25a
00:00
Entzun

'The Awakening'

Zuzendaria: Nick Murphy. Aktoreak: Rebecca Hall, Dominic West, Imelda Staunton, Isaac Hampstead-Wright, John Shrapnel. Herrialdea: Erresuma Batua. Urtea: 2011. Iraupena: 107 minutu.

Erresuma Batuan azpigenero gotikoaren berpiztea ari da gertatzen. The Woman in Black-ek oso harrera ona izan du, eta orain The Awakening ailegatu zaigu, mamuen eta izpirituen istorioa. 1921ean dago girotuta filma, espiritismoa pil-pilean dagoenean. Florence Cathcart da protagonista, ezkongaia galdu berri du, eta, egoera latz horri aurre egiteko, espiritismoa borrokatzen hasiko da. Xede horretarako, metodo zientifiko eta medikuak erabiliko ditu, eta, hori dela eta, Rookwoodera joango da, han haur baten agerpen misteriotsuak gertatu baitira.

'Les neiges du Kilimandjaro'

Zuzendaria: Robert Guediguian. Aktoreak: Ariane Ascaride, Jean-Pierre Darroussin, Gerard Meylan. Herrialdea: Frantzia. Urtea: 2011. Iraupena: 90 minutu.

Robert Guediguianen azken filma Victor Hugoren Les pauvres gens olerkian dago oinarrituta, baina gaurko garaietara ekarria. Eta izenburuak ez du Hemingwayrekin zerikusirik, Frantzian oso ezaguna den Pascal Danelen abesti batekin baizik. Ohi bezala, zuzendariak Marseillako portuan girotu du istorioa, eta, horren bitartez, krisiaren itzal luzea islatu nahi izan du. Michel eta Marie-Claire bikotea dira protagonistak. Zoriontsuak dira eta haien seme-alaba eta bilobekin gozatzen dute. Horrez gain, harro daude urte luzez egin duten borrokaldi sindikal eta politiko ugarirekin.

'The Pelayos'

Zuzendaria: Eduard Cortes. Aktoreak: Miguel Angel Silvestre, Blanca Suarez, Eduard Fernandez, Lluis Homar, Daniel Brühl, Oriol Vila. Herrialdea: Espainia. Urtea: 2011. Iraupena: 102 minutu.

Benetako gertaera batean dago oinarrituta komedia espainiar hau. Garcia Pelayo izeneko familiako kideek milioiak irabazi zituzten mundu osoko kasinoetan, horietan egiten zituzten iruzurrei esker. Istorio hori pantaila handira eraman du Eduard Cortes zuzendariak, eta bere patu beltza aldatu nahi duen gazte talde baten erretratua egin du. Erruletan irabazteko, huts egin ezin duen metodo bat ezagutzen dute protagonistek, eta, hori baliatuta, inoiz imajinatu gabeko abentura handi bat biziko dute munduan barna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.