'Alpeis'
Zuzendaria: Giorgos Lanthimos. Aktoreak: Aris Servetalis, Johnny Vekris, Aggeliki Papoulia. Herrialdea: Grezia. Urtea: 2012. Iraupena: 93 minutu.Krisiaz harago, Grezian oraindik bada kemena filmak egiten segitzeko. Theo Angelopoulosen heriotzaren ostean, gaur egun Giorgos Lanthimos da Greziako zinema garaikidearen ordezkaririk ezagunena. Bere aurreko filmak —Kynodontas harrigarriak— dezenteko sona lortu zuen orain dela bi urte; hori dela eta, jakin-minez espero genuen haren lan berria. Alpeis zientzia fikzioaren eta dramaren artean mugitzen den pelikula bitxia da. Talde baten izena da filmari izenburua ematen diona, kideek hamabost arau zorrotz bete behar dituzte, eta zeregin zehatza dute: hil diren pertsonak ordezkatzea, diruaren truke.
'Cairo Time'
Zuzendaria: Ruba Nadda. Aktoreak: Patricia Clarkson, Alexander Siddig, Elena Anaya, Tom McCamus, Amina Annabi. Herrialdea: Kanada. Urtea: 2009. Iraupena: 88 min.Azkenaldi honetan Egipton gertatu diren aldaketa ugarien ondorioz, film hau, akaso, pixka bat zaharkituta egongo da. Izan ere, 2009ko filma da; auskalo zergatik erabaki duten orain gurean estreinatzea. Urte horretan, Kanadako film onenaren saria irabazi zuen Torontoko zinemaldian. Juliette emakume dotorea da, Nazio Batuen Erakundeko diplomatiko baten emaztea, eta Kairora ailegatuko da, senarrak han egin behar baitu lan. Tarek polizia ohiaren laguntza izanen du hiriburuan barna mugitzeko, eta laster batean mundu guztiz ezezaguna ezagutzeko aukera izanen du. Eta horrekin batera maitasunaren ezustekoa.
'Madrid 1987'
Zuzendaria: David Trueba. Aktoreak: Jose Sacristan, Maria Valverde. Herrialdea: Espainia. Urtea: 2011. Iraupena: 102 minutu.David Trueba zuzendari eta idazleak erabateko aldaketa egin du bere azken filmarekin, komedia erromantikoak alde batera utzi eta guztiz film minimalista eraiki baitu. Bi pertsonaia, agertoki bakar batean eta haien arteko norgehiagoka intelektuala: horixe da Madrid 1987-k proposatzen duena. Miguel idazle errespetatua eta beldurgarria da; harengana joko du Angela kazetari ikasle gazteak. Biak komunetan itxita geldituko dira, eta itxaronaldi horretan hainbat gairi buruz dituzten ikuspuntuak agertuko dira. Filmaren bidez, 1987an Espainian gertatu ziren aldaketa politiko eta soziologiko garrantzitsuez hausnarketa egin nahi izan du Trueba gazteak.