Zinema. Estreinaldiak. Beste film batzuk

2012ko apirilaren 4a
00:00
Entzun

'Grupo 7'

Zuzendaria: Alberto Rodriguez. Aktoreak: Mario Casas, Antonio de la Torre, Inma Cuesta, Jose Manuel Poga, Diana Lazaro, Julian Villagran. Herrialdea: Espainia. Urtea: 2012. Iraupena: 97 minutu.

Alberto Rodriguezen aurreko pelikulak, After bikainak, behar baino oihartzun handiagoa izan zuen. Hala ere, hiru urtera hemen da berriro ere egungo zinemagintza espainiarrak duen zuzendaririk interesgarrienetakoa, 80ko hamarkadan girotutako thriller batekin. Lau kidek osatzen dute Grupo 7 delako polizia taldea, ez dute batere eskrupulurik beren lanean, legea eurei komeni zaien arabera ulertzen dute; bortizkeria, xantaia eta gezurrak erabiltzen dituzte beren helburuak lortzeko. Arrakasta eta ospea ezagutu ditu taldeak, baina hori gertatzearekin batera, barne liskarrak eta ezinikusiak areagotuko dira.

'The Cold Light of Day'

Zuzendaria: Mabrouk El Mechri. Aktoreak: Henry Cavill, Bruce Willis, Sigourney Weaver, Joseph Mawle, Caroline Goodall, Shira Scott Astrof. Herrialdea: AEB. Urtea: 2012. Iraupena: 94 min.

Frantzian hasi zuen bere ibilbide artistikoa Mabrouk El Mechri zinemagileak. Belgikan egin zuen bigarren film luzea, JCVD, Jean-Claude Van Damme aktore eta borroka arteetan espezialistari buruzko film sailkaezina. Eta hirugarrenarekin Amerikako Estatu Batuetara jo du El Mechrik, hango industriaren gustuko thriller bat egitera. Will Shaw estatubatuarraren familiako hainbat kide Espainian bahituko dituzte, oporraldi bat igarotzen ari direnean. Shaw gazteak ordu gutxi izanen du arazo hori konpontzeko, baina denbora horretan aitarekin lotutako hainbat kontu ilun deskubrituko ditu.

'Les infidèles'

Zuzendariak: E. Bercot, F. Cavaye, A. Courtes, J. Dujardin, M. Hazanavicius, E. Lartigau, G. Lellouche. Aktoreak: Jean Dujardin, Gilles Lellouche, Guillaume Canet, Mathilda May. Herrialdea: Frantzia. Urtea: 2011. Iraupena: 109 minutu.

Aspaldian ez zen gurean estreinatzen hainbat zuzendariren artean egindako atalkako pelikula bat. Pelikula frantziar hau halaxe egin dute: zazpi zuzendarik eta bost gidoilarik gizonezkoen infideltasunari buruzko sei ataletako komedia bat egin dute. Parisko gau klub batean edo negozioetarako bilkura batean, berdin dio non diren, gizonezko askoren barnean sexu grina etengabe dago presente, debekatutako plazera lortzea dute helburu, nahiz eta horretarako bidea batere erraza ez izan. The Artist pelikulako zuzendari eta aktore protagonisten parte hartzea da komedia honek duen amu nagusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.