'Contraband'
Zuzendaria: Baltasar Kormakur. Aktoreak: Mark Wahlberg, Kate Beckinsale, Giovanni Ribisi, Ben Foster, David O'Hara, Diego Luna, J.K. Simmons. Herrialdea: AEB. Urtea: 2012. Iraupena: 110 minutu.
Oskar Jonanssonek 2008an egin zuen Reykjavik-Rotterdam pelikularen remake estatubatuarra da Kormakuren film hau. Chris Farraday gaizkile trebatua da, baina aspaldian giro ilun hori alde batera utzia du. Bere koinatuak izanen duen arazo larri baten ondorioz, Farradayk hobekien egiten duen horretara itzuli beharko du, kontrabandora. Laster batean lehen mailako laguntzaile talde bat bilduko du inguruan, koinatuak duen zorra ordaintzeko lan egiteko prest dagoen talde trebatua. Panamara joan beharko dute; ustez Farradayren azken lana izanen da hori, baina gauzak konplikatuko zaizkie, ustelkeria sare batekin topo egitean.
'The Devil Inside'
Zuzendaria: William Brent Bell. Aktoreak: Fernanda Andrade, Simon Quarterman, Evan Helmuth. Herrialdea: AEB. Urtea: 2012. Iraupena: 87 min.
Harrigarri samarra bada ere, exorzismoekin lotutako filmek ikusleak erakartzen segitzen dute, eta, hortaz, dirua ematen. Honako hau oso aurrekontu txikiko beldurrezko filma da; baina izan duen harrera onari esker, oso film errentagarri bihurtu da. 1989. urtean Maria Rossik hiru pertsona hil zituela aitortu zuen. Hogei urte pasatu ondoren, Isabel alabak jakin nahiko du zer izan zen benetan amari gertatu zitzaiona. Horretarako, Italiako eroetxe batera joko du, han baitute ama zaintzapean. Isabelek zalantza du, ama burutik ote dagoen ala deabrua barruan ote duen. Hori jakiteko, bi exorzista gazte kontratatuko ditu, eta haiekin ikerketa beldurgarri bat hasiko du.
La montaña rusa
Zuzendaria: Emilio Martinez Lazaro. Aktoreak: Veronica Sanchez, Ernesto Alterio, Alberto San Juan, Luis Bermejo, Loreto Fajardo. Herrialdea: Espainia. Urtea: 2012. Iraupena: 110 minutu.
Filmografia luzea du Emilio Martinez Lazaro zuzendari eta gidoilari espainiarrak. 1978. urtean egin zuen bere lehen film luzea, baina arrakastarik handiena 2002an ailegatu zitzaion, El otro lado de la cama komediarekin. Hiru urte geroago, formula bera errepikatzen saiatu zen, baina alferrik. Honako hau norabide berean bigarren saioa litzateke, hau ere amodioa, sexua eta adiskidetasunaren inguruko komedia arina baita. Urte asko pasatu eta gero, haurtzaroko hiru lagun elkartuko dira berriro: bi gizon eta emakume bat. Berehala hiruki bat sortuko da, eta hiruren arteko harremana ezin korapilatsuagoa bihurtuko da.