'Faust'
Zuzendaria: Alexandr Sokurov. Aktoreak: Hanna Schygulla, Maxim Mehmet, Georg Friedrich, Antoine Monot Jr., Katrin Filzen, Isolda Dychauk, Eva-Maria Kurz. Herrialdea: Errusia. Urtea: 2011. Iraupena: 134 min.
Alexandr Sokurov Errusiako egungo zuzendaririk ezagunena da. Hala ere, orain arte oso zaila izan da haren lanak pantaila handian ikustea. Faust-ekin, Veneziako lehoia irabazi zuen; horrek zabalkunde handiago eman dio.Faust Goethek ezagun egin zuen kondaira alemaniar ezagunean oinarritzen da. Hain zuzen ere, kontakizun horrek izan dituen moldaketa literarioak dira pelikularen ardatz nagusia. Protagonista lanetan pozgarria da oso Hanna Schygulla berriro ere pantailan ikusteko aukera izatea, Fassbinder eta beste zuzendari askorekin lan egin duen aktore ezinbestekoa.
'Chronicle'
Zuzendaria: Josh Trank. Aktoreak: Michael B. Jordan, Michael Kelly, Alex Russell, Dane DeHaan, Ashley Hinshaw, Anna Wood, Joe Vaz, Luke Tyler, Matthew Dylan Roberts. Herrialdea: AEB. Urtea: 2012. Iraupena: 83 minutu.
Superheroien filma dela ematen du, baina bestelako kutsua du Josh Trank zinemagile gaztearen lehen lan luzeak. Batetik, eremu independentetik etorri den lan bat delako; bestetik, dokumental faltsu baten itxurapean mozorrotuta ageri delako. Portlandeko hiru lagun gai misteriotsu batekin kutsatuko dira, eta, horren ondorioz, ahalmen harrigarriak izaten hasiko dira. Hasiera batean, dena oso dibertigarri gertatuko zaie, baina berehala lagunen artean arazoak sortzen hasiko dira eta batzuk besteen kontra jarriko dira.
'Et maintenant, on va où?'
Zuzendaria: Nadine Labaki. Aktoreak: Nadine Labaki, Kevin Abboud, Claude Baz Moussawbaa, Julian Farhat, Ali Haidar, Leyla Hakim. Herrialdea: Libano. Urtea: 2011. Iraupena: 100 minutu.
Orain dela lau urteko Caramel eztiak bere burua ezagutarazteko balio izan zion Nadine Labakiri. Oso harrera ona izan zuen Beiruten gertatzen zen komedia ezohikoak, eta, besteak beste, Donostiako Zinemaldian ikusleen eta gazteen sariak eskuratu zituen. Film berriak ere haren sorterriko egoera korapilatsuarekin zerikusi handia du. Hilerrira abiatuko da emakume talde handi bat, hara ailegatzean bi multzotan banatuko dira, batzuk musulmanak dira, besteak kristauak. Filmak iazko Cannesko zinemaldiko sail ofizialean hartu zuen parte, eta Torontoko zinemaldian film onenaren saria irabazi zuen.