'Polisse'
Zuzendaria: Maiwenn Le Besco. Aktoreak: Maiwenn Le Besco, Riccardo Scamarcio, Karin Viard, Marina Fois, Nicolas Duvauchelle, Sandrine Kiberlain, Anthony Delon, Frederic Pierrot, Louis-Do de Lencquesaing. Herrialdea: Frantzia. Urtea: 2011. Iraupena: 127 minutu.
Arrakasta handi samarra izan du Frantzian Maiwenn Le Bescoren bigarren film luzeak. Iazko Cannesko zinemaldian epaimahaiaren saria eskuratu zuen, eta Cesar sarietan hamaika izendapen eskuratu zituen, horien artean pelikula onenarena. Orain, Hego Euskal Herrira iritsi da filma. Polizia giroko drama da Polisse: Parisko haurren ataleko polizia departamentuaren egunorokoa kontatzen du. Han lan egiten du Fred poliziak, eta gobernuak haiekin lan egiteko kontratatu duen Melissa argazkilariarekin maiteminduko da. Egoera berria ez da batere erraza izanen argazkilariarentzat, Fred eta haren mundu bortitzaren eta senarraren mundu lasaiaren artean hautatu beharko baitu.
'My Week with Marilyn'
Zuzendaria: Simon Curtis. Aktoreak: Michelle Williams, Kenneth Branagh, Eddie Redmayne, Emma Watson, Judi Dench, Dominic Cooper, Derek Jacobi, Julia Ormond. Herrialdea: Erresuma Batua. Urtea: 2011. Iraupena: 101 min.
Hainbatetan iragarri eta beste hainbestetan atzeratu da film britainiar honen estreinaldia. Baina orain Oscar sariak bertan daudela baliatuta, ematen du estreinaldiaren tenorea ailegatu dela. Izan ere, Michelle Williams emakumezko aktore onenen artean dago izendatuta. Zaila izanen du saria eskuratzea, parean izen handiko aktore boteretsuak daudelako, baina ikusi dutenek diote inork ez bezala egin duela Marilyn Monroerena. Pelikula benetako gertaera batean dago oinarrituta: 1956. urtean Marilyn Monroek Ingalaterrara egin zuen, The Prince and the Showgirl pelikulan parte hartzera. Laurence Olivier zen film horren zuzendari eta gizonezko protagonista, eta hasiera-hasieratik bi aktoreen artean gerra gupidagabea izan zen.
'Bullhead'
Zuzendaria: Michael R. Roskam. Aktoreak: Matthias Schoenaerts, Jeroen Perceval, Jeanne Dandoy, Barbara Sarafian, Tibo Vandenborre, Frank Lammers, Sam Louwyck. Herrialdea: Belgika. Urtea: 2011. Iraupena: 124 minutu.
Bullhead hau ere Oscar sarietarako hautagaien artean dago, kasu honetan ingelesez besteko pelikula onenaren atalean. Ipar Euskal Herrira ailegatu da thriller belgikar hau, Michael R. Roskamen lehen film luzea. Zuzendariak berak idatzi du gidoia. Jacky Vanmarsenille nekazari gaztea da protagonista nagusia, eskrupulorik gabeko albaitari batekin harremanetan sartuko da negozio ilun bat martxan jartzeko asmoz. Baina kontua dezente konplikatuko da polizia baten hilketarekin; ia aldi berean Vanmarsenilleren haurtzaroko sekretu ilun bat agertuko da berriro. Filmak oso harrera ona izan du Belgikan, eta kritikak babestu egin du.