Zinema. Estreinaldiak. Beste film batzuk

2012ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
'The Muppets'

Zuzendaria: James Bobin. Aktoreak: The Muppets, Jason Segel, Amy Adams, Chris Cooper, Mila Kunis, Emily Blunt, Zach Galifianakis. Herrialdea: AEB. Urtea: 2011. Iraupena:98 minutu.

Jim Hensonek sortu zituen panpina animatuekin beste film bat egin du James Bobin zuzendariak. Asko dira telebistarako zein zinemarako pertsonaia ezagun horiekin egin diren pelikula eta telesailak, eta, horietan, Muppetsek mota guztietako egoerak pasatu dituzte: espazioan izan dira, New Yorkera ailegatu dira, Hollywood konkistatu dute, Gabonetan mota guztietakoa abenturak izan dituzte... Oraingoan, ekintza on bat egiteko elkartuko dira Kermit igela eta bere lagunak: The Muppetsen antzokia eraitsi nahi du negozio-gizon aberats batek; hamar milioi dolar behar dituzte hori eragozteko, eta, horretarako, emanaldi berezi bat antolatuko dute. Kontaezinak dira filmean agertzen diren aurpegi ezagunak.

'Katmandu, un espejo en el cielo'



Zuzendaria: Iciar Bollain. Aktoreak: Veronica Echegui, Sumyata Battarai, Norbu Tsering Gurung. Herrialdea: Espainia. Urtea: 2011. Iraupena: 104 minutu.

Iciar Bollainek Nepaleraino eraman du bere azken proiektua, Victoriana Subirana irakasle katalanaren bizitzan oinarritzen den istorio hunkigarria. Laia Katmandura ailegatuko da, eta txiro bizi diren hainbat herritar duin ezagutuko ditu. Han ezkonduko da, hasiera batean egoerak hartaratuta, baina laster senarrarekin benetan maiteminduko da, eta haren eskutik herriaren alde ezkutua ezagutuko du. Bien bitartean, Laiak proiektu handinahi bat jarri nahi du martxan, Katmanduko haur eta gaztetxoak alfabetatzeko. Oraingo honetan, zuzentzeaz gain, gidoia ere idatzi du Bollainek. Film honetan egin duen lanagatik Goya sarietarako izendapena lortu du Veronica Echeguik.

'Promoción fantasma. La posesión de Manuela'



Zuzendaria: Javier Ruiz Caldera. Aktoreak: Raul Arevalo, Alexandra Jimenez, Andrea Duro, Jaime Olias, Alex Maruny, Anna Castillo. Herrialdea: Espainia. Urtea: 2012. Iraupena: 105 minutu.

Pena da gaur egun Espainiako aktore gazterik garrantzitsuenetakoa, Raul Arevalo, gisa honetako film batean protagonista lanetan ikustea. Spanish Movie egin zuen orain dela hiru urte Ruiz Calderak, eta honako haubigarren film luzea du, komedia eta genero fantastikoa uztartu nahi dituen istorioa. Modesto irakasleak dohain harrigarri bat du: tarteka hildakoak ikusten ditu. Horrek buruhauste eta arazo franko eragin dizkio, eta nahiko nazkatuta dago kontu horrekin. Monforteko ikastetxera ailegatuko da, eta bertan gauza harrigarri bat deskubrituko du: bere bost ikasle onenak hilik daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.