Zinema. Estreinaldiak. Beste film batzuk

2012ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun

'Bunraku'



Zuzendaria: Guy Moshe.Aktoreak: Josh Hartnett, Gackt Camui, Woody Harrelson, Kevin McKidd, Ron Perlman, Demi Moore, Jordi Molla. Herrialdea: AEB.Urtea: 2010. Iraupena: 118 minutu.

Hainbat genero eta estiloren arteko nahasketa sinesgaitz bat egin du Guy Moshe zuzendariak Bunraku-n: samuraiak, komikia, spaghetti western, bideo jokoak... Balizko etorkizun batean girotu du istorio fantastiko hau. Su-armarik gabeko hiri batera ailegatuko da bidaiari misteriotsu bat. Hango biztanleak izututa bizi dira; Nicola buruzagi maltzurrak izua zabaldu du inguru osoan. Inor ez da ausartzen Nicolari eta haren hiltzaile taldeari aurre egiten, baina bidaiariaren etorrerak dena aldatuko du. Samurai gaztearen eta tabernako jabearen laguntzaz, justizia berrezartzen saiatuko da. Mosheren bigarren film luzea da Bunraku.

'Jack and Jill'



Zuzendaria: Dennis Dugan.Aktoreak: Adam Sandler, Katie Holmes, Dana Carvey, Natalie Gal, Shaquille O'Neal, Al Pacino, Santiago Segura. Herrialdea: AEB. Urtea: 2011. Iraupena: 120 min.

Telesailetan trebatua izaki, 90eko hamarkadatik hona ezin konta ahala komedia arin egin ditu Dennis Dugan zuzendariak. Askotan Adam Sandler izan du protagonista; honako hau da elkarrekin lan egiten duten zazpigarren aldia. Gabonetako istorio atzeratua da. Jackek arazo handi bati egin beharko dio aurre, Jill arrebak gabonak haiekin pasatzera joanen dela iragarri baitu. Ez dira ongi moldatzen, baina itxurak egin behar. Egonaldi laburra izan behar zuena uste baino gehiago luzatuko da, eta familia barneko giroa mikaztuko da. Bigarren mailako aktoreen artean Al Pacino dago; baita Santiago Segura iragarki-gizon jasangaitza ere.

'Silencio en la nieve'



Zuzendaria: Gerardo Herrero. Aktoreak: Juan Diego Botto,Carmelo Gomez, Jordi Aguilar, Victor Clavijo, Sergi Calleja.Herrialdea: Espainia. Urtea: 2011. Iraupena: 105 minutu.

Gehiegi nabarmendu gabe, urteroko bere martxarekin segitzen du Gerardo Herrero zuzendari eta ekoizle espainiarrak. Bigarren Mundu Gerran girotu du bere pelikula berria, Dibisio Urdina delakoaren barruan hain zuzen. Talde hori nazien ondoan borrokatu zen, errusiarren kontra. Baina Herreroren hau ez da gerraren inguruko filma; hori testuinguru bezala baliatu du kasu honetan zuzendariak. Thriller bat da Silencio en la nieve. soldadu espainiar bat agertuko da hilik, larruan esaldi bat tatuaturik duela. Arturo Andrede soldadua arduratuko da hilketa ikertzeaz, eta zeregin horretan Estrada sarjentuaren laguntza izanen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.