'The Darkest Hour'
Zuzendaria: Chris Gorak. Aktoreak: Emile Hirsch, Olivia Thirlby, Max Minghella, Rachael Taylor, Joel Kinnaman, Dato Bakhtadze, Yuriy Kutsenko. Herrialdea: AEB. Urtea: 2011. Iraupena: 89 minutu.
J. J. Abramsen Cloverfield-en kopia gisako bat, baina Moskun girotuta, horixe da Chris Goraken zientzia fikzio eta beldurrezko pelikula honek eskaintzeko duena. Gazte estatubatuar batzuek Moskura joko dute, han hainbat negozio egin nahi dituztelako. Errusiako hiriburuan, beroa itogarria da, inoiz ez bezalako tenperaturak daude. Halako batean, estralurtar batzuek hiria inbadituko dute, mundu osoarekin egin behar duten bezala. Bizirik aterako diren guztiek lurpean bizitzera kondenatuta geldituko dira. Hau Gorakek bigarren film luzea du; aurrenekoa orain dela bost urte estreinatu zuen, eta guztiz oharkabean pasatu zen.
'Juan de los muertos'
Zuzendaria: Alejandro Bruges. Aktoreak: Alexis Diaz de Villegas, Jorge Molina, Andrea Duro, Andros Perugorria, Jazz Vila, Eliecer Ramirez, Antonio Dechent. Herrialdea: Kuba. Urtea: 2011. Iraupena: 94 min.
Azken urteotan zonbiak modan daude mundu osoan, eta oraingo honetan Habanaraino ailegatu dira. Kubako hiriburuan, berrogeita hamar urte geroago, beste iraultza bat ari da gertatzen: zonbiek izua zabaldu dute hirian. Kubako agintarien arabera, gobernu estatubatuarraren azken eraso mota da. Egoera horretan, kubatar batek negozioa egiteko aukera paregabea ikusiko du: Juan de los muertos izenpean kutsatuta dauden lagun eta senitartekoak akabatzeko aukera eskaintzen hasiko da. Handik gutxira, Kubako heroi bihurtuko da. Genero fantastikoko proposamen ezohiko hau Sitgesko zinemaldian aurkeztu zuten.
'Las olas'
Zuzendaria: Alberto Morais. Aktoreak: Carlos Alvarez-Novoa,Laia Marull, Armando Aguirre, Sergio Caballero, Marthe Villalonga. Herrialdea: Espainia. Urtea: 2011. Iraupena: 95 minutu.
Un lugar en el cine dokumental interesgarria egin eta lau urtera, hona hemen Alberto Moraisen fikziozko lehen lan luzea. Las olas memoriaren inguruko begirada pertsonal bat da, Miguel protagonistaren ibileraren bitartez. Miguelek narkolepsia du, emaztea hil berri zaio eta lurperatu bezain pronto iraganarekin dituen zorrak kitatzea erabakiko du. Frantziako iparraldeko Argeles-sur-Mer herrixkara joko du; han Emilia lagun ohiaren memoria dago, baita mundua ulertzeko modu oso bat ere. Baina bidaia korapilatuko zaio; Zaragozan geldituko da, semearekin egotera, eta Blanca ezagutuko du. Filmak pelikula eta aktore onenen sariak jaso zituen iaz Moskuko jaialdian.