A Few Best Men
Zuzendaria: Stephan Elliott. Aktoreak: Xavier Samuel, Laura Brent, Olivia Newton-John, Kris Marshall, Kevin Bishop, Tim Draxl. Herrialdea: Australia. Urtea: 2011. Iraupena: 98 minutu.
Ospakizun sozialek —eta horien artean bereziki ezkontzek— komedia zoro ugari hornitzen dituzte. Australiatik dator ezkontza komedien azpigeneroko azken alea, itxura batean orain arte egin diren gehienen aldean nobedade gutxi dakarrena. David Miarekin ezkontzekoa da; emaztegaia Australiako herri galdu batean bizi da, eta hara eginen dute Davidek eta lagunek. Ailegatzean, nahiko panorama bitxia ezagutuko dute: Miaren aita senatari aberatsa da, eta ama, berriz, alkohola eta kokaina gustuko dituen adineko emakume xelebrea. Horiez gain, gainerako senitarteko eta lagunak ez dira oso arruntak. Horiek horrela, gauza jakina da ezkontza ez dela espero bezala aterako.
Flypaper
Zuzendaria: Rob Minkoff. Aktoreak: Patrick Dempsey, Ashley Judd, Mekhi Phifer, Jeffrey Tambor, Tim Blake Nelson, Curtis Armstrong. Herrialdea: AEB. Urtea: 2011. Iraupena: 87 min.
Rob Minkoff zuzendaria ezagun egin zen 1994. urtean Roger Allersekin batera The Lion King arrakastatsua zuzendu zuenean. Horren ondotik, Stuart Little sailaren lehen bi pelikulak egin zituen, baina 2000tik aurrera animazioa utzi eta bestelako generoetan saiatzea erabaki zuen, zorte handirik gabe. Film fantastiko pare bat egin ostean, oraingoan komedia eta thriller-a elkartzen dituen istorio honekin saiatu da. Tripp Kennedy banku batean sartuko da, eragiketa sinple bat egitera. Barnean dagoelarik, lapurreta bat gertatuko da. Ez bat: bi lapur talde saiatuko dira aldi berean hura dagoen bankua lapurtzen. Bankuko ateak itxiko dira, eta denek barnean gaua eman beharko dute. Kennedy eta Kaitlin kutxazaina saiatuko dira egoera zuzentzen.
Eu cand vreau sa fluier, fluier
Zuzendaria: Florin Serban.Aktoreak: George Pistereanu,Ada Condeescu, Mihai Constantin,Clara Voda.Herrialdea: Errumania.Urtea: 2010. Iraupena: 94 minutu.
Azken urteotan Errumaniako zinema pasatzen ari den momentu gozoak ez du etenik oraingoz. Eu cand vreau sa fluier, fluier da handik ailegatu zaigun azken filma; Berlinalen epaimahaiaren saria jaso zuen Florin Serbanen lanak, eta horrek bultzada eman dio estreinaldi komertziala segurtatzeko. Silviu gazteentzako atxilotze zentro batean dago, eta bi aste baino ez zaizkio falta askatasuna berreskuratzeko. Horren zain dagoela, ama iritsiko zaio, eta ondoan izan duen anaia gaztea berarekin eramanen du. Kolpe gogorra da Silviurentzat, berak hezi baitu anaia. Aldi berean, zentroko zaintzaile batekin maiteminduko da Silviu.