Zinema. Estreinaldiak. Beste film batzuk

2011ko azaroaren 30a
00:00
Entzun

'In Time'



Zuzendaria: Andrew Niccol. Aktoreak: Justin Timberlake, Amanda Seyfried, Vincent Kartheiser, Cillian Murphy, Johnny Galecki. Herrialdea: AEB. Urtea: 2011. Iraupena: 109 minutu.

Zientzia-fikzio film batekin egin zuen debuta Andrew Niccolek. 1997. urtea zen, eta klasiko txikia bihurtu den pelikularen izena, Gattaca. Bere azken lanean genero horretara itzuli da zuzendaria, etorkizuneko gizarte batean baitago girotuta In Time. Zahartzaroaren kontrako sendagaia asmatuta, beste arazo batzuei aurre egin beharko die gizarteak; populazioaren hazkundea da horietako bat. Horrekin batera, denbora bihurtu da moneta berria, eta aberatsek minutu bakoitza negoziatu beharko dute. Langile batek denbora kopuru ia mugagabea eskuratu du; hori dela eta, denboraren zaindariak izenekoen jazarpena pairatzen hasiko da.

'Happy Feet two'



Zuzendaria: George Miller. Herrialdea: Australia. Urtea: 2011. Iraupena: 100 minutu.

Orain dela bost urte, lehenengo Happy Feet-ek gauza harrigarri bat lortu zuen; Dreamworks eta Pixarren tirania amaitu, eta animazio film onenaren Oscar saria eskuratzea. Hala ere, arrakasta lasaitasunez hartu zuten australiarrek, eta patxadaz prestatu dute bigarren partea, 3 dimentsioetan ailegatuko zaiguna. Erik pinguino gazteak ez du gehiago dantzatu nahi, eta etxetik ihes eginen du. Ihesaldian, hegal egiten dakien Sven pinguinoa ezagutuko du, eta harekin txundituta geldituko da. Hori ikusita, Mumble aitak ez daki nola jokatu, nekez lehiatu baitaiteke Svenekin. Hori gutxi balitz, indar boteretsu batzuek pinguinoen mundua astinduko dute, eta mundu osoko pinguinoak elkartu beharko dituzte mehatxuari aurre egiteko.

'Real Steel'



Zuzendaria: Shawn Levy. Aktoreak: Hugh Jackman, Kevin Durand, Dakota Goyo, Anthony Mackie, Evangeline Lilly. Herrialdea: AEB. Urtea: 2011. Iraupena: 126 minutu.

Orain arte zineman komedia erromantiko txoroak egin ditu Shawn Levyk, baina horren aurretik telebistarako lan egin zuenean zientzia fikzioko telesailak egiten aritua zen. Horrexegatik, ez da horren harritzekoa azken film hau genero horretakoa izatea; hori bai, kirolaren epikarekin uztartuta. Etorkizunean dago girotuta filma; boxeoa ez da gizakien arteko borrokaldia, androideak dira ring-aren gainera igotzen direnak. Charlie Kenton boxeo borrokaldien sustatzailea da, baina ez dago bere momenturik onenean. Halako batean, robot zahar bat aurkituko du, eta borrokatzeko dituen dohainak ikusita, hura entrenatzen hastea erabakiko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.